ESZENA

Dantza gozatzeko eta bizitzeko, “Dantzaldia”

Gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Rekalde aretoan dantza gozatzeko eta bizitzeko Dantzaldiaren aurtengo edizioa. Abendura bitartean, Sol Pico, Daniel Abreu edota Carmen Werner dantzari eta koreografo handien lanak ikusteko aukera izango du zaleak. Saioak hiriko hainbat tokitan egingo dira: BBK Aretoan, Rekalde Aretoan, La Fundicion aretoan, Guggenheim museoan eta Azkuna Zentroan.

Inaugurazioa gaur bertan izango da, irailaren 14an, Taiat taldearen No half measures izeneko instalazio koreografikoarekin (prentsaurrekoan obra horren lagin bat ikusteko aukera izan dugu). Ikusgarrian, dantzari bi, etengabe mugitzen dira, modu eklektikoan, inolako parametrorik gabe, gorputzaren atal guztiak aparte bizirik baleude bezala, autonomia espasmodikoan.

Gaurko eskaintzaren ostean, Sari Nazionala eskuratu duen Sol Pico artista One-Hits Wonders proposamenarekin etorriko da Bilbora irailaren 21ean. Azaroaren 4an, Manuel Liñan-ek (MAX saria 2017an Dantza Interprete Onena kategorian) Sinergia egingo du BBK Aretoan.
Azaroaren 9an saio eder eta anitza egingo da Azkuna Zentroan. Bertan, La pelota vasca izeneko monografikoan, Cuerpos Desplazados hitzaldia emango du Olatz Gonzalez Abrisketa; Sra. Polaroiskak Pilota Girls bideoa pantailaratuko du eta Lasala konpainiako Judith Argomanizek Lauesku dantza pieza egingo du. Azaroaren 18an, Guggenheim museoan, Pierre Rigal-ek Press lana egingo du.

Azkenik, abenduan, Daniel Abreu-ren eta Carmen Werner-en Donde las flores se mueren obrak ikusteko parada egongo da.

Emanaldi horiez gain, hainbat master class antolatu dira dantza profesionalei eta ikasleei begira, koreografo horien eskutik. EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioarekin, Ikerketa Performatiboko III. jardunaldia ere abiatuko da zinea, hiria, dantza eta genero begiradak aztertzeko.

Dantzaldia jaialdiaren XVIII. edizio honi buruzko datu gehiago, ekimenaren webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button