
Artium Museoak June Crespo. Helmets erakusketa aurkeztu du, artistaren ibilbidearen hainbat lan biltzen dituena. Erakusketak artistaren lanaren gakoak ezagutzeko aukera ematen du: “aurretik zeuden formei buruzko irakurketa berriak proposatzen dituzten eraldaketa eta konbinazio prozesuak”. Beatriz Herraez eta Enrique Martinez izan dira erakusketaren komisarioak.
Erakusten diren piezetan, Crespok “gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskultura erabiliz. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpenaren aipamena egiteko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk, beti prekarietate materialetik, baliabideen ekonomiatik, egiten aritzearen, saiakeraren garrantzian tematzen diren eskulturak eta irudiak”.
Erakusketa hainbat pieza sailetan antolatu da, eta horien artean dago Helmets (2019), giza gorputza espresuki aipagai duen obra-multzoa. Formatu txikiko artelanen multzo bat ere bildu da Instrumentos y fetiches (2017) izenburupean. Voy, sí (2020) izeneko sailean, artistak material erabilgarriak jartzen ditu lehen planoan, argizaria edo eskaiola. No Osso (occipital) (2020) sailean aretoko hormak zeharkatzen dituzten obra ikusgarri batzuk ezarri ditu, eta Core (2019-2020) berrienean hormigoia eta metala erabili ditu.
June Crespo Arte Ederretan lizentziatua da EHUn, eta 2015 eta 2017 artean De Ateliers-en (Amsterdam) egon zen artista egoiliar gisa. Gaur egun, Leioako AAEEn Fakultatean irakasle elkartua da, eta 2020ko udan Tabakalera KGNZk eta Artium Museoak elkarlanean antolatutako JAI (Jarduera Artistikoen Institutua) ekimenaren lehen edizioan irakasle gonbidatuen klaustroan parte hartu du. Jaso dituen sarien artean nabarmentzekoak dira: Mª José Jove Fundazioaren Nazioarteko Arte Saria (2019), RNEren Ojo Crítico Saria (2018), Botín Fundazioaren Arte Plastikoen beka (2018) eta sormen-lana saritzeko Gure Artea Saria (2013).