
Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Zinema eta Zientzia zikloaren bosgarren edizioa dute abian, izan ere, martxoaren azken egunetara arte luzatuko da zikloa.
Guztira 50 film inguru pantailaratzen ari dira, eta aurreko edizioetan egin den moduan, zientzialari ospetsuek emanaldien aurkezpenak egingo dituzte. Hitzorduak Tabakaleran, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donibane Lohizuneko Le Sélect zineman izango dira. Aurten lehen aldiz, Gasteizko Artium museoak eta Iruñeako Golem-Baiona zinemek ere eskainiko dituzte film zenbait.
Gaur film klasiko eder bat pantailaratuko da ziklo horren barruan: Gorillas in The Mist (Michael Apted, 1988). Joana Vitorica Onaindia biologoak egingo du film ezagunaren aurkezpena.
Dian Fosseyren historia kontatzen du filmak, mendiko gorilak aztertzera Afrikara bidaiatu eta bere azken urteak haiek babesten eman zituen zientzialariarena, alegia. Dian Fosseyren benetako historian oinarrituta dago, eta galzorian dauden tximino haien suntsipena geldiarazteko haren borroka erretratatzen du filmak.
Datorren astean, otsailaren 17an, beste saio bat programatu da: Deabruren hazia (Donald Cammell, 1977). Olatz Arbelaitz Gallego informatikariak aurkeztuko du lan hori.
Egitarauaren barruan En busca del fuego (J. J. Annaud, 1981), Hope (Maria Sødahl, 2019), Ikarie XB 1 (Jindrich Polák, 1963), edota Contact (Robert Zemeckis, 1997) lanak ikusi ahalko dira.
Zikloaren nondik norakoak hemen kontsultatu ahal dituzue.



