LITERATURA

Txillardegi aitzindari eta pentsalaria

Txillardegi. Batasunaren pentsalaria Miren Rubioren liburu aurkezpena eta  Txillardegiren Klika Kote Camacho zuzendariaren dokumentalaren proiekzioa egingo da gaur arratsaldean, 19:00etan, Hondarribiko Kultur Etxeko Areto Nagusian. Hizkuntzalari, euskaltzale, idazle eta politikari donostiarra izango da Hondarribiko Blagan euskara taldeak antolatutako saio honen muina.

Miren Rubio kazetariak aurkeztuko du Txillardegi. Batasunaren pentsalaria lana.  “XX. mendeko bigarren erdiko une erabakigarri guztietan Euskal Herriak behar izan duen pertsona izan da Txillardegi, Joxe Azurmendi filosofoaren hitzetan. Pentsalari zein eragile, aitzindari izan baita hainbat arlotan: euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, irekia, ez esentzialista, eta hizkuntza naziotasunaren erdigunean kokatu zuen nazioarteko pentsalariak gurera ekarriz; euskararen batasunaren eragile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen; euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen, eta euskal literatura Europako moldeetara ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin; soziolinguistikan, ikuspegi berritzailea txertatu zuen EHUn, soziolinguistika matematikoarekin, besteak beste. Ekin eta ETAren sortzaile izan zen, eta politikan ere jardun zuen gaztetatik, ondoren ESB, HB eta Aralar alderdiekin militatzeko. Eta euskararen aldeko eskubideen eragile garrantzitsua izan zen, hala nola Euskal Herrian Euskaraz taldearekin. Guztia erbestetik erbestera zebilela, hogeita zortzi etxebizitza izateraino, pianoa beti alboan, eta pentsatu adina eraginez. Euskal Herriaren beraren historia ezagutuko du irakurleak Txillardegiren pausoei segika”.

Horren ostean, Kote Camacho zuzendariak abian den 21. Korrikarako sortu duen dokumentala ikusi ahal izan da, Txillardegiren Klika. 14. Korrika zela eta Txillardegiri egindako elkarrizketa bat du ardatz dokumental honek. Baina Kote Camachok beste euskaltzale eta eragile zenbaiten testigantzak ere jaso ditu lan honetan, hala nola, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Xabier Mendiguren edo Joxe Azurmendirenak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button