
Bisitariek proposaturiko ibilbideekin osaturiko kaiera egin nahi du Artium zentro eta museoak. Horretarako, Aste Santuan museora hurbilduko direnek euren ibilbideak egin ahalko dituzte.
Artium-ek ekintza originala ondu du bisitarien partaidetza sustatzeko: Irudi ikusgarria erakusketaren ibilbideak proposatzeko aukera luzatuko die bisitariei. Horretarako, zentroak sei gai emango ditu eta gai horien inguruan egingo dira ibilbideak (bisitariek ere euren gai propioak proposatu ahalko dituzte). Horrela, bisitariek zehaztuko dituzte zeintzuk obra diren interesgarrienak, zergatik, eta zein ordenatan ikusi behar diren. Erakusketan 86 pieza daude ikusgai.
Ibilbide hauetan parte hartuko duten lagunei Artium pasaporte bat emango zaie, atzealdean Ruth Gomez artistaren lana duen elementuarekin.
“Sormenezko esperientzia bat bizi nahi duzu?, garatzen ari garen proiektuan parte hartu eta zure ikuspuntua eman nahi duzu? Ausartzen zara gure lur azpiko museoan sartu eta haren artelanen artean ibilbideak marrazten? Orduan… har ezazu gogoan! Ibilbideen proposamenak jasoko dituen koaderno bat osatu nahi dugu! Eta zurea behar dugu”.
Informazio guztia artium.org webgunean dago jasota.



