MUSIKA

Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kontzertuak asteburuan

Laudion duzue Aiaraldea Ekintzen Faktoria, eta bertan makina bat proposamen haizatuko dituzte hil osoan zehar. Asteburu honetan hasiko da programazio erraldoi hori hainbat kontzerturekin.

Hala, asteburu honetan, Faktoriaren irekiera egunean, maiatzak 15, Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du, eta Faktoriaren irekiera feministan, maiatzak 16, Kai Nakai arituko da.

Ruper euskal musikaren erreferente eztabaidaezina da. Bere abestietan edertasuna zein gogo-sakontasuna adieraztea lortu izan du beti, eta gainera, bere ibilbide luzean herri-tradizioarekin bat egiteko gai izan da. Hala, Hiru Truku hirukotea sortu eta harekin hiru disko grabatu zituen euskal abesti herrikoien ikerketan oinarrituta eta, aldi berean, nazioarteko abangoardiako musikariekin grabatzen eta emanaldiak eskaintzen ibili da: Ben Monder, Jamie Saft, Kenny Wollesen… Makina bat lan sutsuren egilea da, eta bertan jarraitzen du euskal musikari bere mundua ekartzen.

Baimenik Gabe da Kai Nakairen lehen diskoaren izena eta euskarazko reggaetoia bezalako erritmo berritzaileak proposatzen ditu lan horretan. Kaik genero musikal hau euskaraz egitea defendatzen du, gazteei gustatzen zaielako eta Euskal Herrian hutsune bat badagoelako. Bestalde, genero horrek berarekin dakartzan estereotipo guztiei aurre egin nahi die, kolektibo bakar bat ere baztertzen ez duten letrak eginez eta matxista ez den reggaetoia egin daitekeela erakutsiz. Eta gainera, betidanik gizonek osatutako reggaetoia emakumeek ere egin dezaketela aldarrikatu nahi du. Hala, lanaren bidez, genero-rolei aurre egitea, ahalduntzea, mota guztietako harremanak bizitzea, baita handinahia izatea eta arrakasta lortzea bezalako gaiak jorratu nahi izan ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button