MUSIKA

BEC, euskal musikaz gainezka

Atzo, urriak 1, Becatu euskal musikaren festa aurkeztu zuten Barakaldoko BEC aretoan. Hala, azaroaren 10ean Euskal Herriko musikaren bost ordezkarik joko dute aipatu areto horretan: Berri Txarrak, Esne Beltza, Zea Mays, Willis Drummond eta Zuloak.

BECek berak sustaturiko ekimena da eta Abar Produkzioak ekoiztetxeak antolatua. Euskal musikaren 14.000 zale biltzea du xede. “Euskal musikariek plazak behar dituzte euren sorkuntza lanak erakusteko. Gure musikaren kalitatea munduko edozeinen parekoa dela erakusteko aukerak behar dituzte euskal musikariek”, esan dute ekimenaren antolatzaileek.

Antza, BECeko arduradunek hutsunea ikusi zuten euren programazioan euskal kulturako ekitaldiei dagokienez. Hori dela eta, euren ekimenez eta Abar Produkzioak ekoiztetxearekin laguntzarekin, Becatu jaialdi interesgarria jaio da.

Horrela, askotariko jaialdia egiten saiatu dira antolatzaileak, rock doinuak nagusi diren arren. Hala, Berri Txarrak ezagunen rock erritmo sendoen ondoan, Esne Beltzaren estilo fusio dantzagarria entzun ahal izango da, Zea Mays edo Willis Drummond rock banda trinkoekin batera. Azkenik, Fermin Muguruzak abiatu berri duen Zuloak taldeak ere bere tokia izango du oholtzan.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, (sarrerak, ordutegiak, eta bestelakoak) sartu becatu.com webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button