ARTEA

“Inurri Bideak” erakusketa Tabakaleran

Tabakalerak Andrea Canepa artistaren Inurri bideak izeneko erakusketa paratu du uztailera arte.

“Inurriak arrasto kimikoen bidez orientatu eta erlazionatzen diren moduan inspiratuta, Inurri bideak erakusketak irudimen-ariketa bat proposatzen du, zentzumenetan oinarritutako beste kodetze-aukera batzuei bide emateko. Begiekin irakurri ezin diren mezuak dira; usaimenaren, ukimenaren eta larruazalaren bidez baizik.”

Erakusketa-aretoak labirintoaren itxura hartu du, eta “ibilbide bakoitzak materialtasun eta testura propioak dauzka, eta norabideak, topaguneak edo desbideratzeak iradokitzen dituzten usain-arrasto sotilak jasotzen ditu. Publikoak erabakiak hartuko ditu, aurrera edo atzera egiteko modu desberdinak esploratuko ditu, eta gorputz-mugimenduaren bitartez espazioa esperimentatuko du”.

Elementuetan oihalak eta ehunak, hariak eta zura nabarmentzen dira, “bai eta egitura geometrikoak eta modularrak ere, barnebideak, atalaseak eta pasabideak osatzen dituztenak“.

Andrea Canepak (Lima, 1980) instalazioaren, marrazkiaren, bideoaren eta ikerketa espazialaren bidez garatzen du bere lana, pertzepzio-sistemak, hizkuntza eta ezagutzaren transmisio-moduak ardatz hartuta. Interes berezia du esperientzia antolatzen duten egitura ikusezinetan, baita gorputza espazioan orientatzen den eta ikasten duen moduetan ere.

Erakusketarekin batera, Tabakalerak saio dinamizatuak eskainiko ditu igandeetan, 11:00etan; parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik. Era berean, eskola-taldeentzako eta beste kolektibo batzuentzako jarduera espezifikoak programatuko dira goizetan, ohiko irekiera-ordutegitik kanpo.

Show More

Related Articles

Back to top button