ESZENA

Loraldia Festibalaren azken asteburuak hiru proposamen dakartza

Loraldia Festibala asteburu honetan amaituko da eta kontu zinez erakargarriekin emango dio amaiera aurtengo edizioari. Hiru ekitaldi programatu ditu euskarazko sorkuntza gaurkotzeko, plaza berriak irekitzeko eta komunitatea aktibatzeko.

Bira Kulturgunean Bozak izeneko saioa antolatu da gaur, hilak 27. Laura Sam, Julie eta Heitxi arituko dira, banan-banan, poesia, kantu eta melodiak haizatuz. “Hiru estilo, hiru musika begirada, hiru sortzaile: Loraldiak sormenaren alde egiten duen inbertsioaren erakusgarri, etorkizunari gaur bertan ahotsa emateko”.

Gaztedi Dantzari Taldea eta Duguna Iruñeko Dantzariak taldeak elkartuko dira dantzak eskaintzeko, eta hala, Gaztedi eta Duguna: 75 urte dantzan saioa  egingo dute. Eguraldirako aurreikuspen txarra dela eta, ekitaldia azkenean Azkuna Zentroa Alhondiga Bilbao Atrioan izango da larunbat eguerdian.

Eta azkenik, larunbat gauean, La Fundición aretoan, Hizketak sorkuntza garaikideak bi pieza eszeniko aurkeztuko ditu, eta bietan uztartuko dira dantza (Mizel Théret), kantua (Beñat Achiary) eta soinuak (Pierre Vissler). “Sorkuntzaren ardatza memoria da, euskal kultur legatuaren eta idazkera garaikidearen arteko kodeak gainditzeko saiakera gisa”.

 

Show More

Related Articles

Back to top button