LITERATURA

AEBetako literatura gonbidatu “Gutun Zurian”

Bilboko Alondegian antolatu ohi duen Gutun Zuria Bilboko Nazioarteko Letren Jaialdia apirilaren 16tik 22ra bitarte egingo da. Atzo aurkeztu zen eta bertan, munduko osoko eta bertoko autore ezagunak eta idazle berriak bilduko dira Sekretuak eta Gezurrak izenburupean. Aurten, Amerikako Estatu Batuetako literatura izango da protagonista nagusia, izan ere, Bill Keller eta Chuck Palahniuck idazle estatubatuarrak izango dira Bilbon, besteak beste.

Mahai-inguruak, hitzaldiak, liburu sinatzeak eta bestelako literatur ekitaldiak direla medio, Gutun Zuria literatur topaleku bikaina bihurtuko da apirilaren 16tik 22ra. Hala, egitarauren lehendabiziko egunean zinea izango da ardatz nagusia. Egun horretan Enrique Urbizu zuzendariak eta Jorge Guerricaechevarria gidoilariak mahai-inguru batean parte hartuko dute eta aurretik El Mar (Agustí Villaronga) eta La Vida Mancha (Enrique Urbizu) filmak ikusi ahalko dira. Apirilaren 17an berriz, Manuel Rivas eta Almudena Grandes idazle espainiarrak izango dira, eta 18an, Angel Lertxundi, P. Miguel Etxenike, Daniel Innerarity eta J. Antonio Marina.

Apirilaren 19an izango dira Alondegian aurretik aipaturiko Bill Keller eta Chuck Palahniuck idazle estatubatuarrak. Lehenengoa Iñaki Gabilondo kazetariarekin arituko da eta bigarrena aldiz, Javier Calvo idazle espainiarrarekin.

Apirilaren 21ean, hiru literatur hitzordu izango dira: Hans Magnus Enzensberger eta Anton Zeillinger-ek Daniel Innerarityrekin arituko dira solasean; gero, William Gibson Rodrigo Fresanekin izango da, eta azkenik, William Gibson bere irakurleekin hitz egingo du.
Egun horretako egitaraua, bertso saio interesgarri batekin amaituko da, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Sustrai Kolina eta Uxue Alberdiren eskutik.

Azkenik, apirilaren 22an, Tahar Ben Jelloun eta Lina Ben Mhenni autoreek Ana Aizpirirekin hitz egingo dute, eta gero, Angels Barceló kazetariak Bernardo Atxaga idazlea elkarrizketatu du. Egitaraua Atxagak bukatuko du bere irakurle eta jarraitzaileekin partekatuko duen saioarekin.

Egitarauren xehetasun guztiak Alondegiaren webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button