MUSIKA

Capsulak Ziggy Stardust-ekin amestu du

Aspalditik Bilbon bizi, baina jatorri argentinarra duen Capsula taldeak David Bowieren The Rise and Fall of Ziggy Stardust And The Spiders from Mars disko klasikoa New Jerseyko Watermusic estudioetan grabatu dute. Bilbon egin ohi den Izar & Star zikloan du bere jatorria diskoak. Izan ere, ziklo horren baitan, talde batek gustuko dituen artisten kantuak edo diskoak hartu eta bereak egiten ditu agertokian. Aurten hirugarren edizioa abiatu dute.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu du Capsularen Dreamin of / The Rise and Fall of Ziggy Stardust And The Spiders from Mars, eta gaur goizean aurkeztu dute Bilbon. Aurkezpenean hiru taldekideek eta grabazio horren inguruan ekoitziko den dokumentalaren zuzendari Mario Vricellak parte hartu dute. Dokumentala postproduzkioan dago une honetan (ikusi aurrerapena).

“2011n Izar & Star zikloan egin genuen kontzertua ezusteko itzela izan zen guretzat, eta ikus-entzuleen erreakzioa ere ikaragarria izan da. Oso pozik gelditu ginen, zerbait puntuala izan zen, baina tiraka hasi, eta zenbait kontzertu gehiago egin genuen, eta, azkenik, John Agnello ekoizlearekin estudiora eramatea erabaki genuen”, azaldu du Martin L. Guevara abeslari eta gitarra jotzaileak.

Hala, AEBetara joan ziren iragan martxoan Gaizka Insunza Gernikako Audienceko musikariarekin batera, zeinak zuzenekoetan parte hartu zuen, Eureka Hot IV taldeko Josu Urkidi saxo-jotzaile bermeotarrarekin batera. Urkidiren saxo hotsak ere diskoan entzun daitezke. Bi horiez gain, Ivan Julian (Voidoids) eta Marta Vertta Ray (Heavy Trash, Speedball Baby) gitarra jotzaile estatubatuarrek ere parte hartu dute diskoan, baita Sex Museum taldeko Marta Ruizek eta Fernando Pardok ere, besteak beste. “Capsula and friends bezala aritu gara, Euskal Herriko, Estatuko eta New Yorkeko lagunekin”, azpimarratu du abeslari eta gitarra jotzaileak umoretsu.

Taldekideek diskoaren bertsio propioa egin nahi izan dute. “Ez dugu egin nahi izan disko berdin edo hobe bat, gure soinua izatea nahi genuen, (…) ez gara talde tributu bat, ez daukagu horretarako teknika nahikorik, gainera, gure nortasuna oso nabarmena da, beraz, ezinbestekoa da gure soinua gehitzea”. Hala, euren mugetatik abiatuta, disko horretan ekarpen “infinituak” egiteko aukera izan dute, John Agnello ekoizlea gidari izan dutelarik.

Hala, Bowieren diskoa obsesio bihurtu zen, berarekin amestera iritsi arte. Bowie, izan ere, Capsularen hastapenetatik dago taldearen bizitzan iltzaturik. Esate baterako, taldearen izena Bowieren Space Oddity kantutik hartuta dago. “Egunero otoitz egiten diogu Hirutasun Txit Santuari: (David) Bowie; (Lou) Reed, eta Iggy (Pop), baina Bowieren disko honetan hirurok bat egiten dugu”.

Diskoa Durangoko Azokan izango da eskuragarri, baita LP formatuan ere, eta zuzenekoei dagokienez, Ziggy Stardusten kantuak eta doinu propioak tartekatuko dituzte, baina zenbait ezusteko ere izango dira: “Sorpresa horiekin ziklo guzti hau itxiko da, extra horietan amaituko da istorioa: Stooges, Velvet, MC5, T Rex, Sonic Youth, Dinosaur Jr., eta Bowieren beste etapa batzuetako kantuekin”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button