MUSIKA

The Cynics eta Sonic Boom, rock doinuak Gipuzkoan

Gregg Kostelich (gitarra) eta Michael Kastelic (ahotsa) musikari estatubatuarrek zuzentzen duten The Cynics taldeak maiatzaren 18an joko du Irungo Tunk aretoan. Euskal Herrian jarraitzaile ugari dituen taldea da Cynics. Kontzertua Destruye-Ye izenburupean aurkeztu dute, eta estatubatuarrekin batera Chiquita y Chatarra (Asturias), Terrier (Madrid) eta Las Primitivas (Donostia) taldeak ere izango dira.

60ko urteetako garage-rock doinuen zale amorratuak ziren makina bat talde sortu ziren mundu osoan 80ko hamarkadan, eta revival eszena horretan eratu zen The Cynics. Halere, urteen poderioz rock-and-rolla, garage-rocka, psikodelia eta popa uztartzen dituen estilo propioa jorratzea lortu dute Pittsburgh hirikoek. 1986an argitaratu zuten euren lehendabiziko lana, Blue Train Station. Hiru urte geroago euren gailurrera iritsi ziren Rock ‘n’ Roll (1989) diskoarekin, eta orain Spinning Wheel Motel (2011) lana aurkeztera datoz Irunera.

Sonic Boom, Donostian

Spectrum/Sonic Boom ezizen bikoitzaren atzean Peter Kember (Rugby, Ingalaterra, 1965) musikari ingelesa ezkutatzen da, 80ko hamarkadan pop eta rock independentearen esparruan oso ezagun egin zen Spacemen 3 bikoteko kideetako bat.

Kember-ek Sonic Boom izenarekin sinatzen zituen bere kantuak eta gero Spacemn 3 banatu eta gero, Spectrum egitasmoa abiatu zuen. Spectrum/ Sonic Boom maiatzaren 18an izango da Donostiako Guardetxean ondoko musikariekin batera: Jason Holt (gitarra, Spectrum); Will Carruthers (baxua, Spacemen 3) eta Roger Brogan (bateria). Ingelesek kontzertu berezia egingo dute Donostian, SPECTRUM plays Songs The Spaceman Taught Us lelopean. Izan ere, hainbat bertsio joko dituzte, Spacemen 3, Suicide, Red Krayola edo Mudhoney, besteak beste.

Kember ekoizle lanetan ere aritzen da. Esaterako, Galiziako Triángulo de Amor Bizarro taldearen azken lana ekoitzi du. Kontzertua Donostiako Ayo Silver promotoreak ondu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button