ARTEA

“Tetrapack 2023” erakusketa, Gasteizen

Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatutako Tetrapack 2023 erakusketa maiatzaren 24tik ekainaren 25era egongo da ikusgai Amarika aretoan. Bertan, Gazte Klik Klak argazki eta bideo lehiaketaren irabazleek egindako lanak aurkezten dira, hiriko argazki eta ikus-entzunezkoen testuinguruaren talde-ikuspegia eskaintzeko helburuz.

Aurten, 2022ko Gazte Klik Klak lehiaketa irabazi zuten Ainhoa Garcia de Cortazar, Lucia Jayo Altamirano, Oscar Golpe Manuel eta Rafael Hernandez Jimenez artisten lanen aukeraketa bat erakutsiko da. Erakusketa “neutroaren kontzeptuak ardazten du, inguratzen gaituen munduarekiko posizionamendu gisa ulertuta. Denboraren interpretazioaren, gure ingurunea behatzeko eta begiratzeko gaitasunaren edota objektuaren pertzepzioaren ikuspegitik.”

Hamalaugarren edizio honetan, In Situ Art Kultur Elkarteak gidatu du prozesua; elkarteko Sara Berasaluce Duque argazkilariak eta 2012ko Gazte Klik Klak-eko irabazleak bideratu du tutoretza-prozesua, komisario-laguntzaile gisa. Amarika Aretoa izan da deialdiaren anfitrioia, hain zuzen ere, deialdia beraren eremuan (argazkigintza eta ikus-entzunezkoen sorkuntza) espezializatutako aretoa baita.

Artista gazteen prestakuntza egokia bermatzeko, sektorean esperientzia handia duten profesionalen laguntza izan da, eta hala, Nagore Legarreta, Maider Jimenez, Laura Carrascosa Vela eta Jon Cazenavek hitzaldiak eskaini zituzten urte hasieran.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button