
Gaurtik, hilak 10, igandera bitartera, hilak 13, Hondarribiko Blues Jaialdia egingo da, eta egitarau horretako izenik handiena, ezbairik gabe, Taj Mahal gitarra jotzaile estatubatuarrarena da. Horrekin batera, Louisiana estatuko Excello diskoetxe mitikoan grabatzen zuen Lazy Lester, edo Steven Seagal aktore estatubatuar borrokazalea ere izango dira, besteak beste.
Seagal, hain zuzen ere, gaur arituko da, Benta eszenatokian, gauerdian; aktore ez ezik, gitarra-jotzaile trebea ere bada, eta bere emanaldietan blues klasikoa eta modernoa uztartzen ditu. Aurretik, Nia Moore King & The Bluebird eta A Contra Blues bandak izango dira oholtzan.
Bestalde, karteleko izarrak, Taj Mahalek (Henry Saint Clair Fredericks) larunbatean joko du, Benta eszenatokian, 22:30ean. Ibilbide luze eta oparoa egindako bluesman ezaguna da estatubatuarra; bere grabazioetan, gainera, askotariko musikak uztartu ditu, tartean, jazz, blues, reggae, calypso, zydeco eta Hawaiiko doinuak. Horretaz gainera, makina bat instrumentu jotzen ditu. 1967an argitaratu zuen bere estreinako lana, eta harrezkeroztik, jotzen eta grabatzen dihardu. New York hirian jaiotako musikariak Hondarribiko Blues Jaialdiaren saria jasoko du.
Egunotan Hondarribin izango diren beste blues-musikari azpimarragarri batzuk ondokoak dira: Gov’t Mule blues-rock banda ezaguna, Lazy Lester harmonika-jotzaile klasikoa, edo Jimmy Barnatán & The Cocooners.
Egitarau osoa: blueshondarribia.com.