LITERATURA

Euskarazko haur eta gazte literatura guztia “Uhartearen altxorra” erakusketan

Euskara eta euskal kulturaren sustapenean jarduten duten Azkuna Zentroak eta Dijitalidadeak Uhartearen altxorra erakusketa aurkeztu dute gaur goizean, Bilbon. Euskarazko haur eta gazte literaturan barna ibilbide ikusgarria proposatzen du erakusketa honek, horretarako atondu diren panel eder eta handi batzuen bidez, zeinetan gure idazle porrokatuen testuak eta ilustratzaileen marrazki bitxiak bisitariak txundituta utziko dituzten. Horretaz gain ikus-entzunezkoak eta tailerrak ere programatu dira. Erakusketa otsailaren 28ra bitartean izango da Azkuna Zentroan.

Gotzon Barandiaranek komisariatzen duen erakusketak (Juanba Berasategi izan da lan horren zuzendari artistikoa) ibilbide bat egingo du euskarazko haur eta gazte literaturan barna, plazaraturiko hainbat lanen ilustrazioen, pertsonaien, gaien eta garaien bidez, eta errealismo fantastikoa, zientzia-fikzioa, abentura-liburuak, umorea, misterioa eta polizia-nobelak ere izango dira hortxe.

Uhartearen Altxorra erakusketaren inguruan hainbat jarduera paralelo antolatu dira, tartean tailerrak. Zortzi tailer egingo dira euskaraz, haur- eta gazte-literaturari buruz, euskal idazleen, ipuin-kontalarien eta ilustratzaileen eskutik. Hala, abenduaren 28an eta urtarrilaren 4an, Yolanda Arrietaren eskutik Esan, sortu, kontatu ondu da; Maite Frankoren eskutik, Guk papera eta arkatza, zuk piperra eta gatza izenekoa (urtarrilak 21 eta otsailak 18); Eider Eibarren eskutik, Sortu ditzagun PERTSO-NAHIAK! (urtarrilak 28 eta otsailak 4); eta azkenik, Patxi Zubizarretaren eskutik, Liburuetan gordetako altxorraren mapa (otsailak 11 eta 25).
Bisita gidatuak ere ez dira faltako, eta abenduaren 16tik otsailaren 26ra, aste-bukaeratan egingo dira, beti ere euskaraz.

“Haur eta gazteentzako literaturak ez ditu berrehun urte baino askoz gehiago, eta euskarazkoa are gazteagoa dugu. Baina azken hogeita hamar urteotan sekulako jauzia egin du, hala kantitatean nola kalitatean. Premisa hauetatik abiatuz, erakusketak garai berri desberdinetako literaturaren berrikusketa bat proposatzen du, modu jostalari baten literaturari buruz hausnartzera gonbidatuz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button