LITERATURA

Susa argitaletxeak “Arkanbele kantak” eta “Algara mutilatuak” lanak kaleratu ditu

Mikel Taberna idazleak Arkanbele kantak izeneko poema liburua argitaratu du, eta Ane Labaka Mayoz idazleak Algara mutilatuak izeneko saiakera. Lan biak Susa argitaletxeak kaleratu ditu.

Mikel Tabernaren poema liburu berria Arkanbele kantak deitzen da, zeinak erretolika esan nahi baitu. “Nork berea du, arkanbele kanta. Eta erraz antzemango dio irakurleak poemotan Tabernaren eskuari. Izan ere, geografia fisiko eta bital batean barnako bidaian sartuko gaitu liburuak, Bidasoaldera bezala Iruñeko atzerrira eramango gaituena, haurtzarora eta 36ko gerrara, solastatzeko eta isiltzeko modu batera, gaztaroko lagunartera eta aurreneko sexu-jolasetara, gure baitako izaera gordera, bizitza gozatzeko modu batera… Desagertzeko arriskuan omen dago arkanbelea, baina zaila da sinestea, bizitza zelan zukutzen duen ikusita, haren kantua adituta.”

Susa argitaletxearen Lisipe sailaren barruan kaleratu du Ane Labaka Mayoz idazleak Algara mutilatuak izeneko saiakera. “Atal asko mutilatu daitezke gorputz batean, batzuk besteak baino ikusgarriagoak, baina guztiak ere berdin mingarriak ebaketa nozitu duenarentzat”.
Hain ezaguna ez izanagatik ere, ohikoa den mutilazio horietako bati heldu dio Ane Labaka Mayozek bere lanean, algararen erauzketari.
“Emakumezkoon gorputzetan fenomeno hori nola ematen den ikertzea izan du jomuga. Ariketa horretan bidaide izan ditu ipuin kontalariak, clownak, formatzaileak, aktoreak, aktibista feministak, gai jartzaileak eta bertsolariak, guztiak ere umorean arituak diren emakumezkoak.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button