MUSIKA

Sumisión City Blues taldearen ebanjelioa

Gasteizko Sumisión City Blues rock taldeak El Evangelio Según Sumisión City Blues izenburuko lan berria plazaratu berri du. Diskoak 19 kantu biltzen ditu. Bost kantu berriak dira, eta gainerako guztiak han eta hemen grabatutakoak dira, bilduma, single eta abarretan. Bilduma berria iragan astean aurkeztu zuten arabarrek Bilboko Brixton disko-dendan.

Joseba Baleztena taldeko gitarra-jotzaileak adierazi duenez, bandaren zaleek horrela eskatuta ondu dute bilduma hau. “Kantu ezezagunak dira, formatu txikietan grabatutakoak, eta nahikoa ezezagunak”. Halere, aurretik jasotako kantu ezkutu horiei beste bost doinu berri gehitu dizkio boskoteak. “Rhythm and blues kutsuko kantuak dira. Bada, Australiako rocketik edaten duen besteren bat”, esan du Josebak.

Bilboko aurkezpen ekitaldian izandako jendetzaren harira, taldeak zale kopuru nahikoa handia lortu duela nabarmendu diogu Josebari. “Bai, gero eta ezagunagoak gara. Hasieran jendeak paso egiten zuen, gure aurreko taldeen batuketa bat espero baitzuen, Obligaciones eta Sexty Sexters. Guk, berriz, bestelako proposamen bat nahi genuen, eta blues asko entzuten hasi ginen lokalean, beltzengandik ikasten eta kantu horien gainetik inprobisatzen. Hasieran lortutako soinua nahikoa inkoherentea izan zen, baina uste dut lortu dugula soinu bateratuagoa”.

Soinu propio horretan blues, rock zingiratsua eta punka biltzen dira, eta emaitza gero eta trinkoagoa da, bai eta itsaskorragoa ere. Taldeak, gainera, bikain eramaten du soinu hori zuzenekoetara. Apirilaren 30an, hain justu, arabarrak Bilboko Kafe Antzokian izango dira, The Flaming Sideburns rock talde eskandinaviarrarekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button