
Igandean, Urko Menaia musikaria Donostiako Altxerri jazz klubean izango da, 17:00etatik aurrera. Menaia hirukote formatuan arituko da, Nagore Etxabe baterian eta Maria Soriazu baxu elektrikoan.
Urko Menaiak Kakatua dabel ur ikuskizuna aurkezten aritu da iaz, Urtzi Urkizurekin batera. Horretaz gainera, The Basques taldearekin ere aritu da, AEBetako country eta folk kutsuko kantuak aurkezten. 2010ean bere lehen diskoa plazaratu zuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin: Ametsak eta oroitzapenak. Horrekin batera, AEBetan eta Kanadan hainbat kontzertu egin zituen 2011n.
Musikariaren hitzetan, “txikitatik hasi nintzen etxean nire amonak lehenengo akordeak erakusten zizkidala. Gerora, 16 urte nituela nire lehenengo kantuak konposatzen hasi nintzen, baina oso jeloskor gorde izan ditut beti gaur arte. Idoia Oteiza pianistarekin Fanniplatz Tangoa osatu nuen bertan tangoak, euskal kantak eta zenbait abesti original jotzen genituelarik 2000 urte inguruan. Gero 2007an Idoiarekin elkartu naiz berriro neure kantak jorratzeko eta Luis Fernandez biolontxelista gehitu zaigu taldera. Nere aita, Mikel Menaiak ere kanta batean parte hartu du bere gitarrarekin”.