LITERATURA

Aurtengo Eako Poesia Egunak poesia modernoari eskainiak

Atzo aurkeztu zituzten aurtengo Eako Poesia Egunak Bilbon. Jardunaldiok hilaren 15etik 17ra bitartean egingo dira, eta bertan Euskal Herriko hainbat idazlek parte hartuko dute askotariko ekitaldiak direla medio. Aurtengo edizioa zortzigarrena izango da eta poesia modernoari eskainia dago; Berban gora iturria. Poesia modernoaren bideetan lelopean egingo dira.

Uztailaren 15ean, barikua, hasiko dira Eako Poesia Egunak. Hala, Arestiren Zuzenbide Debekatua izenburupean, batetik, Fito Rodriguezek eta Karmelo Landak hitzaldia egingo dute, -Gorka Arrese Susako argitaletxeko editorea gidari lanetan arituko da-, eta bestetik, Oier Guillan eta Asier Sarasola errezitaldiaz arduratuko dira. Ekitaldia udaletxean izango da, 19:30ean.

Zapatuak, hilak 16, egitarauaren zatirik nagusiena hartuko du. Izan ere, hitzaldiak, errezitaldiak, kontzertuak eta irrati-performancea atondu dituzte. Ekitaldi hibrido horretan, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Xabier Erkizia musikariak parte hartuko dute 23:00etan herriko frontoiaren atzean Txori Mugariak titulupean.

Ekitaldi horrekin zapatuko programa amaituko da, baina aurretik hainbat ekitaldi izango dira. Hasteko, 10:30ean, Beñat Sarasolak Harrietatik anfetaminetara: 20 urte euskal poesian hitzaldia emango du; Miren Agur Meabek errezitaldia egingo du Ibone Ibazeta musikariaren laguntzarekin, 13:00etan, eta 15:00ak bueltan herri bazkaria izango da.

Arratsaldean, berriz, Joseba Tapia musikariak Eta tira eta tunba emanaldia eskainiko du 18:00etan, eta gau partean,  22:00etan, errezitaldia egingo dute Poemen bizi-harian izenburupean. Ekitaldi horretan Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Elena Medelek eta Karmele Igartuak (in memoriam) parte hartuko dute; musika ere izango da The Soulstompers taldearen eskutik.

Domekan, hilak 17, beste hiru hitzordu izango dira: Elena Medel hizlariak Txindurriak eta arrosak: nire poetikaren bila, bost emakume poetaren bitartez izenburuko hitzaldia zuzenduko du, 11:00etan; kantaldia, Esperantzaz haziak, Maddi Oihenarten eskutik, 13:00etan; eta arratsalde partean errezitaldi antzeztua eta musikatua, Zer egin poema batekin, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreekin.

Egitarauaren xehetasun gehiago hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button