ESZENA

“Sormene” jaialdia igandera bitarte garatuko da Galdakaon

Sormene jaialdia euskarazko sorkuntzaren inguruan ardaztu da, eta igandera bitarte, Galdakaon garatuko da.

Ekimenaren indar guneak euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzeko oinarriak jartzea eta emakume sortzaileen lana erdigunera ekartzea dira. “Euskaraz sortzeko grina sustatu, irakatsi eta transmititu gura dugu gaur egun euskaraz sortzen ari direnak zer eta nola sortzen ari diren erakutsita.” Eta horretarako hainbat eragileekin arituko dira: Galdakaoko ikastetxeekin, Udalbiltzarekin (Geuretik Sortuak egitasmoa) Ahotsenearekin eta Literaturiarekin, argitaletxe, disketxe, idazle eta musikariekin, eta Galdakaoko Musika Banda, Txistulari Banda eta Musika Eskolako Maximo Moreno Abesbatzarekin.

Eta diogun moduan gaur berton (maiatzak 12) abiatuko da Sormene Formol Laborategiak ikastetxeentzat proposaturiko tailerrekin. Arratsaldean, Metrokoadroka konpainia Bidaide pieza egingo du. Iraia Eliasek eta Idoia Beratarbidek zuzentzen duten obraren sinopsia honakoa duzue: “Nor ote dago erraldoien gonen azpian? Nola ikusten da mundua erraldoien barrutik? Herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez mintzo da Bidaide antzezlana”.

Ostiralean nabarmentzekoa da Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador aktoreek egingo duten #Mauriziakezdauinorhil ikuskaria. Horretaz gain disko berrien aurkezpenak ere programatu dira.

Larunbatean, Kultur Sorkuntzen Azoka antolatu da eta bertan liburu berrien aurkezpenak egingo dira. Eta azkenik, maiatzaren 15ean, Irizarren izarrak. Juan Karlos Irizarri omenaldia saioa programatu da Galdakaoko Musika Banda, Galdakaoko Txistulari Banda, eta Maximo Moreno Musika eskolako abesbatzarekin batera. Gauean, Formol Laborategia antzerki konpainiak Album antzezlana egingo du publiko ororentzat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button