IKUS-ENTZUN

“Ni naiz zinea” izeneko ikastaroa egingo dute Tabakaleran

Andres Duque (Caracas, 1972) zine esperimentaleko El cine soy yo ikastaroa zuzenduko du, Zinema, sorkuntza eta egiletza ikus-entzunezko garaikidean lelopean Donostiako Tabakaleran. Teknologia berriek, eta zinegileen zein zine zaleen aldaketak, zine sorkuntzan duten eragina izango du ardatz ikastaroak, zeina LABO 2013 film labur esperimentalen jaialdiaren baitan ondu duten.

Izan ere, LABO otsailaren 25etik martxoaren 2ra bitarte egingo da, eta Duquek zuzenduko duen ikastaroa, berriz, otsailaren  25, 26, 27, 28an eta martxoaren 1ean. Ikastaroan izena emateko epea otsailaren 21ean amaitzen da, eta zinema digitalean eta autobiografikoan interesa duten pertsonei zuzendurik dago.

“Tailer honen helburua, ikuspegi praktiko zein emozional batetik irudietara gerturatuz, parte hartzaileei auto-ezagutzarako beharrezko dituzten tresnak helaraztea da, zinemaren bitartez nortasun artistiko bat eraiki ahal izan dezaten”.

Caracasen jaio arren, Duque Bartzelonan bizi da 2001 urteaz geroztik. Espainiako zine esperimentaleko talentu handiko zinegilea da, eta Ivan Zulueta zuzendari donostiarraren ikus-entzunezko semea dela esan ohi da. Izan ere, 2004an Zuluetari buruzko Iván Z lana filmatu zuen. Duqueren pelikulek lan abstraktuen itxura hartzen dute, sentimenduei ematen dielako lehentasuna, eta ez, ordea, kontzeptuei. Hala, konbentzionala ez den kontatzeko modu ezberdinak bilatzeari ekiten dio film guztietan. Entsegu filmak direla esan daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button