ARTEA

San Telmo Museoan eta Tabakaleran “Ezbaikaria” mintegia

Uztailaren 7tik 10era, Mikel Laboaren Lekeitioak lana oinarri duen Ezbaikaria mintegia izango da San Telmo Museoan eta Tabakaleran. Azken entitate horretan ikusgai dagoen Komunikazio- Inkomunikazio erakusketarekin lotutako jarduera da.

“Ikuskizuna baino entzunkizuna dela esango genuke Ezbaikaria. Arrazoia eta gogo-bizia (arrazoiketa) aurrez aurre ipini nahi dituen eztabaida eta kritikarako lekua. Komunikazioak estatus sakratua hartu du hainbat eremutan. Pertsonen eta herrien arteko topaketaren gailurra, hezkuntzaren funtsa eta demokrazian parte hartzeko bitarteko egokia dela esaten da. Baina komunikazioa ez da hizkuntzarekin nahastu behar. Gardentasun egarri aseezin batetik harago doa, asko baitira hizkuntzan ezagutzen ez ditugun gauzak. Beraz, hizkuntzaren entzumenak beti engainatzen dituen ideiei gerra deklaratzetik hastea komeni da, gutxi baitira ikuspegi kritikoa eraikitzeko bidean aurki daitezkeen ziurtasunak.
Ezbaikariak arrazoi argiko autobide irristakorren ordez zalantzaz betetako bidezidorrak jartzeko eskatu du. Bere gerra askatu nahi du. Eta entzun agurearen zuhurtzia, gaztearen herra, kantuaren errima, artistaren gehiegikeria eta astoaren irrintzia.”

Programa gaur abiatuko da, uztailak 7, Iñaki Segurola eta Beñat Muguruzaren arteko elkarrizketa batekin: Quousque Tandem / Sed Quia Sua (Oteiza hil behar izan dugu, bizi zedin euskaratik). Uztailaren 8an, Marta Boccos Garciak Lekeitio 5. Komunikazio Inkomunikazio. Mikel Laboa (Artista Medikua) izeneko hitzaldia eskainiko du. Horren ostean Elixabete Ansa Goikoetxeak Garraxia eta kantuaren tarte interstiziala hitzaldia egingo du.
Uztailaren 9an, Hugo Savino aditua Lenguaje y poética del responder gaiaz arituko da, eta geroago, German Labrador-ek Los exiliados de la lengua: poesía y guerra mintzaldia egingo du.

Azken egunean, uztailak 10, Olatz Otalorak Interpretazioaren kontra hitzaldia (irakurketa) egin go du, eta ostean, Esther Leslie Antifascist Experiment and the Gesture of Language gaiaz mintzatuko da.

Jardunaldiak amaitzeko, Jon Mantzisidor, Fernando Ulzion eta Dani Parkinson musikariek kontzertua eskainiko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button