MUSIKA

Mugako jaialdi elektronikoan parte hartuko duten artisten zerrenda iragarri dute

Gasteizko Mugako jaialdia urriaren 11n, 12an eta 13an egingo da. Antolatzaileek jaialdian izango diren artisten izenak aurreratu dituzte. Jaialdiaren arduradunek jakinarazi dutenez, “oraindik emanaldi batzuk ixteke daude, baina artista gehienen partaidetza konfirmatuta dago”.

Mugako abangoardiako elektronikaren inguruan ardazten da, electro eskola zaharretik egungo soinu esperimentaziora, zaratara edo ambient-era.

Hala, antolatzaileek, JASS asturiarra azpimarratu dute. “Iazko bere saio liluragarriak ahobete hortz utzi gintuen eta aurten gugana ekarri dugu berriz ere, Avalon Emerson-ekin batera egingo duen back to back saio luzatu bat eskaintzera”. Disko jartzaileen atalean, Pervert, Artificiero eta Cadency nabarmendu dituzte.

Horrekin batera hiru klasikoren emanaldiak aipatu dituzte: “Mark Ernestus historikoa, Tikiman-ekin batera, bere esanetan elektronika gutxi eta dub asko izango duen saio batetan, eta azkenik, Bill Converse, Dark Entries zigiluaren babesean eta dagoeneko egungo elektronika ekoizle zirraragarrienetako eta pertsonaletako bat bilakatua”.

Horiekin batera, 1990eko hamarkadan grindcore muturreko estiloaren aitzindari izan zen Napalm Death taldeko bi kide izango dira: Mick Harris eta JK Flesh. “Napalm Death utzi eta gero, aniztasun handiko ibilbide oparoa jarraitu dute biek, bere soinu espektroa zarata industrial mingarrienetik ambient ehundura finenetara hedatu eta bidean Techno Animal-en dub erritmoei edo Jesu-ren shoegaze doinuei bere pozoiaren dosi handiak gehituz”.

Informazio gehiago: mugakofestival.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button