BESTELAKOAK

Aiko taldeak “Oinak Kantuz” CDa plazaratu du

Dantzan ez dakiena
beti dau kontetan;
dantzari ona berriz,
hankakaz kantetan

Kopla honetatik sortu zen Aiko taldeak dantzarako gogoa piztu nahi duen CD berriaren asmoa. Gaur goizean, Bilboko Elkar dendan aurkeztu dute lan hau, Patxi Labordeta, Alvaro Garcia, Asier Gracia eta Sabin Bikandi taldekideek.

“Oinekin kantatu eta gorputzarekin dantzatu, gure giharrak berotu eta gure tribu bereko beste indioekin dantza eginez ondo pasatzen dugulako”, esan du Sabin Bikandi taldekideak.

“Lan berri honetan pieza guztiak berri-berriak dira, guk sortuak baina modu tradizionalean ere eginak” apuntatu du Patxi Labordetak. “Disko normala da, ez da aurrekoetan bezala lan monografiko bat. Hemen dj lana eginez ibili gara, gauza bakoitzak bere lekua hartzeko”, gehitu du geroago.

Hala, disko honetan pasodobleak, jotak, jauziak, txotisak eta tartean, habanerak, tango edota boleroaren bat topatuko ditu dantzazaleak.

Ez da azken lan hau talde honek dantza tradizionalaren errepertorioari egin dion ekarpen bakarra. Izan ere, Herri musika ta dantza lehen lanak baditu honezkero bost urte. Gero, Kobreik!, Aurrez aurre, Urraska, Fasioren mendea edota Bikaña lanak plazaratu ditu Aiko talde dantzazaleak.

Betiko legez, Aiko taldeak bere erromeriekin eta tailerrekin jarraitzen du tai gabe, baina honekin guztiarekin ere, aurten berrikuntza bat proposatuko dute. Hala, maiatzaren 20an, Urbian egingo da Mendiz-mendi ekimenaren lehen erromeria. Honek ekainaren 3an izango du jarraipena Gorbeian eta 17an Urkiolan.

Dantzarako lotsarik ez baduzue, hemen duzue amu galanta!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button