ARTEA

Gervasio Sanchez kazetariaren, “Indarkeriak, Emakumeak, Gerrak” erakusketa abian

Gervasio Sanchezen argazkiek gerretako biktima zibilen istorioak errebindikatzen dituzte, eta gatazkak amaitzen direnean, benetan bukatzen ez direla erakusten dute. Erakusketa hau Bilboko Expodistrito udal-programaren barruan dago, eta hala, otsailaren 13ra arte Begoñako Udaltegian egongo da ikusgai. Ondoren, otsailaren 15etik 28ra Abandoko Udaltegira lekualdatuko da, eta martxoaren 2tik 31ra San Ignazio-Ibarrekolandako Udaltegian izango da. Gainera, asteartean, hilak 14, 19:00etan, Bidebarrieta Kulturgunean Gaurkotasunarekiko topaketak zikloaren hitzordu berri bat izango da erakusketaren egilearekin, eta hilaren 15ean, Gervasio Sanchezek bere erakusketarako bisita gidatua eskainiko du 17:00etan, Abandoko Udaltegian.

Erakusketa honek “amaitu gabeko 40 istorio ditu ardatz, gatazka armatuetan emakumeek bizi dituzten indarkeria-ereduak kontatzen dituzten istorio garrantzitsuak. Istorio horiek agerian uzten dute bakea lortzeko eta indarkeria amaitzeko ezinbestekoa dela genero-ikuspegia aplikatzea nazioarteko gatazkei irtenbideak bilatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko.”

Gervasio Sanchez 1984tik da kazetaria. Dozena bat argazki liburu baino gehiago idatzi ditu eta makina bat sari jaso ere, tartean, Aragoi, Almeria eta Kordobako Prentsa Elkarteen sariak Derechos Humanos, Ortega y Gasset sariak, bi aldiz Rey de España Saria, eta 2009an Argazkigintzako Sari Nazionala irabazi zuen. UNESCOren bakearen aldeko ordezkari berezia da 1998tik. 2004an Aragoiko gobernuak Merezimendu Profesionalaren Domina eman zion eta 2011n Espainiako gobernuak Gizarte Elkartasunaren Ordena Zibilaren Gurutze Handia eman zion.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button