Nontzeberri

Mikel Garcia, Tene Mujika bekako sariduna

Gure historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak… bultzatzeko sortu zuten Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sari hau, Debako alaba izan zen Tene Mujika idazlearen omenez.
Aurreko edizioetan honako lanak suertatu dira irabazle:
Lehen deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zen irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi zuen Mendiminez liburua.
Hurrengo urtean hutsik geratu zen saria epaimahaiaren erabakiz. Alberto Barandiaranek eskuratu zuen saria 2007an, eta 2009an kaleratu zen haren emaitza: Postkronikak izeneko liburua.
IV. urtean Imanol Murua Uria kazetaria suertatu zen irabazle, eta berehala kaleratuko da haren lana: Loiolako hegiak.

Aurtengo proiektu irabazleak, euskal zinema zer den edo baden eztabaidan sartu gabe, Euskal Herrian filmak egin dituzten zuzendari nabarmen zenbait elkarrizketatu nahi ditu. Zerrenda ez itxia ez behin betikoa ez den arren, hauek dira proiektuan aipatzen diren zuzendariak: Fernando Larruquert, Helena Taberna, Imanol Uribe, Juanba Berasategi, Julio Medem, Montxo Armendariz, Victor Erice, Koldo Almandoz.

Mikel Garcia Idiakez 1980an jaio zen, Irunen. Kazetaritzan lizentziatua da, hainbat hedabidetan aritua (Euskadi Irratia, Euskaldunon Egunkaria, Berria, Kantxatik, Jai Berri…), baina batik bat, 2004tik, Argia astekarian. 2006an Rikardo Arregi saria irabazi zuen kazetari berrientzako atalean, eta 2009an Bilboko Udalak antolaturiko Gabriel Aresti ipuin lehiaketa.

Elkar argitaletxeak bidalita

 

Exit mobile version