
Iñaki Lopez de Aguiletak, Bilboko Udaleko Kultura Zuzendariak eta Begoña Moranek, Bilbaopoesiako programatzaileak, urriaren 14tik 23ra Bilbon ospatuko den Bilbaopoesia Literatura jaialdiaren XIV. edizioa aurkeztuko dute gaur goizean. Haiekin batera Natxo de Felipe (Oskorri) izan da, aste poetikoa zabalduko duen Gabriel Aresti biszitan ikuskariaren egilea baita.
Hil honetan, Bilbon eta poesiaren inguruan egiten den jaialdirik garrantzitsuena antolatu ohi da: Bilbaopoesía, “lehen ez zegoena eta mendearen aldaketarekin sortu zena, eta parte-hartzeari begira sekulako arrakasta izan ohi duena” adierazi du Iñaki López de Aguiletak.
Aurten urriaren 14tik 23ra ospatuko da, eta poesia urbanoaren inguruan ardaztuko da hainbat errezitaldi, mahai-inguru, musika saio eta hitzaldiren bidez, eta Poesia eta Hiria lemapean, “kalekoa, pertsonen artekoa, fusioa, ezberdintasunak eta aldarrikapenak bilduko dituena” esan du Iñaki López de Aguiletak. Hortaz, asfalto eta letra, literatura eta mundu urbano, poesia eta hiriaren arteko harremanaz sakonduko da aste horren barruan.
Astea Gabriel Arestiren figurarekin zabalduko da. Gabriel Aresti biszitan izeneko ikusgarria egingo du Oskorri taldeak, non poetaren letrez konposaturiko kantuak joko dituzten. Berezia izango da oso, izan ere, ikuskizunak hainbat herri kurritu ostean Bilbon estreinatuko da Natxo de Felipek gidatzen duen taldearekin. Kantaria gainera, Gabriel Arestiren lagun handia izan zen, eta berarekin partekatu zituen une eder asko. Gomuta horietatik sortu dira entzungo diren aire berezi asko.
Musika gehiago urriaren 19an etorriko da Alberto San Juan aktoreak eta Fernando Egozcue gitarra-joleak eskainiko duten saioaren barruan. Arestiren poemak irakurriko dira, baita Espainiako hainbat poetarenak ere.
Errezitaldiek osatuko dute programazioaren bolumena. Hala, Raquel Lanseros eta Lorenzo Oliván, bertakoa den Pablo Gonzalez Langarika poetarekin Voces de dos orillas izeneko emanaldia egingo dute, urriaren 16an, Zurgai aldizkariaren aurkezpenarekin bat eginez.
Euskarazko produkzioa bere isla izango du urriaren 17an, ostegunean, eta ez ohiko moduan. Andoni Egaña bertsolaria, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe eta Pello Ramírez soinu-joleak osatuko dute laukotea, eta eurek Kafkaren aulkia izeneko lana ekarriko dute Bidebarrietara. Beraz, idatzitakoa eta kantatua, bat-batekoa eta pentsatutakoa, aurrez aurre, eta uztartuta.
Barikuan, poesiarik poetikoena eta eleganteena idazten duen Luis Alberto de Cuenca (kritikoa, idazlea, zutabegilea, akademikoa,…) eta Jose Fernandez de la Sota aurrez aurre ezarriko dira elkarrizketa literarioa burutzeko asmoz.
Nabarmentzekoa den beste hitzordu bat Maria Victoria Atenciak eskainiko duena izango da. Ibilbide oso luzeko idazlea dugun Maria Victoria Atenciak, Clara Janes eta Josefa Parra poetekin partekatuko du ikuskizuna ( urriak 22).
Azkenik, azpimarratu behar da Poesiaren Sari Nazionala izan den Antonio Carvajal Granadako poeta, Bilbora joango dela bere azken poemarioaren lerroak irakurtzera (urriak 21).