
Bitan esan beharra (Alberdania) da Rikardo Arregi Diaz de Heredia poetak, hainbat urtez publikatu barik egon ostean, kaleratu berri duen lanaren titulua. Atzo, Donostiako Udal Liburutegian, liburuaren aurkezpenean, Harkaitz Cano, Rikardo Arregi eta Iñazio Mujika Iraola izan ziren.
Poeta gasteiztarraren hirugarren poema liburua da atzo aurkeztu zutena. Hari hauskorra (1993) eta Kartografia (1998) berri hau baino lehenago etorri ziren.
Hirugarren honetan, bizitza, artea, amodioa, heriotza, eta beste ideia batzuk jorratzen dira. “Arteaz ari da liburua: bizitza artea ez bada ez baita bizi, eta artea bizirik ez bada ez baita arte. Heriotzaz ari da liburua, hildakoez. Amodio hitz ergelaren azpian kokatu dugun mundu zabalaz ari da liburua. Azkenik, poesiak dituen forma ia infinituetan barna ibilbide bat proposatzen du liburuak”, irakurri dugu argitaletxearen webgunean.
Poema sakonak, finak eta estilo sendokoak kausituko ditugu Rikardo Arregi Diaz de Herediaren lan berri honetan. Espero dezagun beste dozena bat urte ez pasatzea bere lan berriak esku artea edukitzeko.