MUSIKA

Angel Unzuren zuzenekoa Irunen

Angel Unzuk gitarra jotzaileak zuzenekoa egingo du igandean, hilak 17, Iruneko Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan. Musikariak egunerokotasuneko hamaika tramankulu baliatzen ditu bere emanaldietan, tartean, papera, ping-pong pilotak eta haizagailua. Horiez gain, perkusio instrumentuak ere erabiltzen ditu. Kontzertua 19:30ean hasiko da.

Unzu interpretatzailea, konpositorea, moldatzailea eta ekoizlea da. Iruñean jaio, baina Donostian bizi da. Gitarra klasikoa ikasi zuen Juan Pradillorekin eta gitarra irakasle titulua lortu ere. Horrez gain, jazza eta gitarrari aplikatutako harmonia modernoa ikasi zuen Madrileko Musika Ateneoan Felix Santosekin. Hobekuntza ikastaroetan ere parte hartu du gitarra-jole eta konpositore ospetsuekin. Gitarra eskolak eman ditu hamar urtez Euskal Herriko hainbat musika eskolatan.

Ehun bat diskotan parte hartu du makina bat artistekin, hala nola Iñaki Salvador, Oreka TX, Kepa Junkera,…. Azken urteotan, moldatzaile eta ekoizle lanak egiten aritu da. Horrez gain, Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Gontzal Mendibil eta Diego Vasalloren emanaldietako musikaria da. Bakarka hiru disko idatzi eta grabatu ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button