ESZENA

ArteDrama Euskal Laborategiaren (ADEL) jardunaldiak bidean

Apirilaren 10etik 15era euskal antzerkiaren topagune bihurtuko da Aulesti herria. Betiko legez, ArteDrama Euskal Laborategiak atondu ditu jardunaldi horiek, makina bat antzezlan ikusteko aukera eskainiz.

“Antzerkiak ordezkatuko ditu marruak eta pilota hotsak beste urte batez. Gure antzerkiak. Geuretik eta guretzako sortua izan denak. Eta sortuko denak.
Antzerkia eta bizitza ospatuko ditugu elkarrekin. Tokia gordeko dizugu, ezta?”

Atzo, hilak 10, ATX Teatroak Balbea pieza egin zuen, eta gaur, 11n, Kulunka Teatrok André eta Dorine egingo du. Garbiñe Insausti hernaniarrak eta Jose Dault zaragozarrak osatzen dute Kulunka Teatro konpainia. André eta Dorine antzezlanak Alzheimer gaitza du ardatz. Bikote edadetu berezia da protagonista, eta istorio guztia saloi batean gertatzen da. Gela horretako hormetan, gainera, iragana zintzilikatzen da. Idazteko makina baten teklak eta biolontxelo baten notak entzuten dira. Egunerokotasunak eragindako asperdura pairatzen ari da bikotea. Aspaldiko elkarrenganako grina, egun axolagabetasun eta eztabaidagai bihurtu da.

Jardunaldietatik pasatuko diren beste talde eta antzezlan batzuk honako hauek dituzue: Itziar Manerok Memoria egingo du, 12an;  13an, Oier Zuñigak Eresia eramango du Aulestira; Zeozertan dabil baina ez dakit zertan izango da Metrokoadroka taldeak egingo duen pieza, hilaren 14an; eta Hondamendia obrak itxiko ditu jardunaldiak 15ean, Artedrama eta Axut! konpainien eskutik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button