
Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdia urtarrilaren 6tik 13ra arte egingo da, Principal Antzokian eta Trueba zineman. Horrekin batera, 2018ko edizioaren irudia ere aurkeztu dute. Primo Estudioko Jorge Elosegui diseinatzaileak egin du irudi berri hori. Eloseguiren aburuz, 2018ko irudia ezberdina da aurreko urteetako irudiarekin alderatuta, “irudiaren eta soinuaren arteko harremana” adierazten saiatu baita.
Bestalde, Dock of the Bay-ko kideek jakinarazi dutenez, jaialdiak ohiko sekzioak izango ditu, baina nobedadeak ere ekarriko ditu. Berritasun horien baitan, Musika, irudi eraikitzaile izeneko mintegia iragarri dute, zeina Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Elias Querejeta Zine Eskolaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Donostiako Sustapenaren elkarlanaren ondorioz egingo den.
“Teoriko, kritikari eta zinemagileek zinema dokumentalari buruz hausnartzeko erabiliko dute espazio hau eta musikak narrazioak eraikitzeko duen gaitasunari buruz eztabaidatzeko aukera izango dute bertan. Honela, musika eta soinua diskurtsoaren ardatzean jartzen dituzten lan konkretuen analisia proposatuko da”.
Mintegian hauexek parte hartuko dute: Desiré de Fez zinema kritikaria; Jero Rodriguez TVE kanaleko Cachitos de Hierro y Cromo programaren zuzendaria; Alvaro Granda Ferrer Reykjavik 606 taldeko kidea; Fernando Golvano artearen teorikoa eta Shaila Garcia Catalan zinemaren teorikoa. Aaron Rodriguez Serranok gidatuko du mintegia.