BESTELAKOAK

“Galdeketaun” Lehiaketaren III. edizioa martxan da

Bilboko Udalak, www.nontzeberri.com atari kulturalaren laguntzarekin batera, aplikazio mugikorraren formatua duen Galdeketaun lehiaketaren hirugarren edizioa jarri du abian, gazteek euren mugikorretan euskaraz jardun eta jolas dezaten. 12-17 urteko Bilbo eta bere inguruetako gazteei zuzendutako lehiaketa da. Jolasteko epea azaroaren 14tik urtarrilaren 31ra luzatuko da, eta ostean sari potoloak banatuko dira.

Ekimen horren bitartez, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak euskarazko tresnak baliatu nahi ditu adin-tarte horretako gazteekin, euskara hizkuntza ludiko moduan eta jakintzarako erabil dezaten.

Bilboko eta Bizkaiko kulturari buruzko test motako (galdera eta erantzuna) ausazko zenbait itaunek osatzen dute lehiaketa, eta bertan kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo bera eta Athletic-en inguruko galderak izango dira, besteak beste. Parte-hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar ditu. Zenbat-nahi aldiz olgetako aukera ematen du hilabete bi pasatxo iraungo duen lehiaketak, azaroaren 14tik urtarrilaren 31ra. Puntuazio altuena lortzen duena sarituko da, baina horrez gain, bestelako  sariak ere zozkatuko dira bertan parte hartzeagatik eta baita lehenengo hamarren artean geratzeagatik ere. Hortaz, edonor izan daiteke saridun.

Zelan parte hartu

Jokoa Google Play Store aplikazio-dendatik jaitsi behar da. Lehiatzen hasi aurretik, parte-hartzaileek erabiltzaile-izena eta bestelako datu batzuk adierazi behar dituzte erregistratzeko. Telefono-zenbakia izenari lotua izango da, eta hortaz, ezingo dute jolastu erabiltzaile batek baino gehiagok telefono-zenbaki berberarekin.

Aurten kolaboratzaile berria izan dugu: Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa. Lan handia egin dute bertan itsasoko historia eder eta interesgarria gazteei helarazteko eta horretarako hainbat galdera berri eta zail gehitu dugu gure jolas ederrean. Gure museoetan kultur altxor handia eta ezezaguna dugu eta hori zabaltzea eta jakinaraztea ere izango du helburu Galdeketaun lehiaketak hemendik aurrera. Aurten Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa izango da protagonista, baina este entitate askorekin kolaboratzeko ideia ere badugu datozen urteotan. Hortaz aurten, gure neska-mutilek gehiago jakingo dute Bilboko itsadarrean eta Bizkaiko kostaldean gertatu diren hainbat kontu kurioso eta historiko horiei buruz.

Joan den urtean, ehunka jokalari ibili ziren norgehiagoka, baina harrigarriagoa da 10.000 bider baino gehiago jolastu zutela. Datu pozgarri horrek adierazten du euskara jolaserako hizkuntza erraz eta normala dela parte-hartzaileentzat, eta era berean, APP hau oso erakargarri bilakatu dela. Aurtengo erronka langa hori gainditzea izango da.

Lehiaketari buruzko informazioa guztia, sariak, sailkapena,…. eta APP-a deskargatzeko esteka www.galdeketaun.eus webgunean aurkitu daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button