ARTEA

“Prototipoak” abian da, Azkuna Zentroan

Prototipoak. Forma Artistiko Berrien 2018 izeneko topaketa hasiko da gaur Azkuna Zentroan. Maiatzaren 31tik irailaren 16ra arte, makina bat proiektu artistiko eta erakusketa interesgarri gizarteratuko dira, “formatu artistiko berriak hurbildu nahi ditu herritarrengana elkarlanean egiten diren proiektuen bidez”.

Topaketetan, 10 proiektu aurkeztuko dira, eta 60 artistak baino gehiagok parte hartuko dute. Erakusketan, 7 proiektu, erabiltzen ez ditugun makinak berriz erabiltzeko 2 tailer, eta erakusketako 3 hilabete eta erdian bilakaera izango duten bi egonaldi-proiektu izango dira.

Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Perezen hitzetan, ekimen honek “formatu artistiko berriak hurbildu nahi ditu herritarrengana, hiriaren ezohiko alderdiak lantzen dituzten eta instituzio, erakunde, talde eta norbanako askorekin elkarlanean egiten diren proiektuen bidez”. Programa bikoitza dela gaineratu du zuzendariak, topatze bat alde batetik, eta erakusketa garaiari dagokion aldea.

“Espazio publikoak, non gauzak gertatzen diren” izango da giltzarrietako bat, eta bertan prozesuak emaitzak bezain garrantzitsuak izango direla azpimarratu nahi izan dute. Hala,  Prototipoak proiektuak jarraipena emango dio duela urte batzuk abiatu zen  3, 2, 1, Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa programari. Eta horretarako Estatuko eta nazioarteko artisten zenbait proiektu eroango ditu Azkuna Zentrora. Hainbat topaketa eta robotika sozialari buruzko erakusketa berezi antolatu dira.
Topaketako egunetan (maiatzaren 31tik ekainaren 3ra bitartean garatuko dira) hainbat egitasmo interesgarri ikusteko abagunea eskainiko da. Batzuk aipatzearren: Marokotik datorren Bouchra Ouizguen dantzariaren Compagnie O izenekoaren Corbeaux lana; Haircuts By Children; Los Torreznos taldearen El Cielo & La Cultura; Camilla Téllez artistaren Mirador Centro de Investigación; edota Barnealdeko Lorategia argazkigintza-proiektua. Aipaturiko topaketetan espazio publikoak edota eguneroko agertokiak izango dira protagonista, eta hala,  “kaleak, plazak, ile-apaindegi bat, irratia, Arabako Lasierraren eta Arriquibar plazaren arteko bide bat…” interakzio-espazio bilakatuko dira hainbat proposamen performatiboren bidez.

Erakusketei dagokionez, zentroko erakusketa-aretoan pieza interaktiboak jarriko dira, “pieza biziak, bisitariekin komunikatzen eta harremanetan jartzen direnak”. Guztiak oso ikusgarriak dira, eta bisitaria aztoratuko dute: Accomplice, Fish-Bird, The Big Picture, Tele-Present Wind, Vincent And Emily, Combover Jo, Mudbots-Robots con Barro.

Topaketako edizio honetan parte hartzen duten artisten artean, honako hauek daude: Camilla Téllez, Núria Güell, Compagnie O / Bouchra Ouizguen bertako hamar dantzarirekin, Los Torreznos, Mammalian Diving Reflex/Darren O’Donnell, Luke Jerram, Óscar García Villegas A.K.A Dr. Kurogo, Azala kolektiboa, Miren Echavarri Escribano, Ula Iruretagoiena, Mónica Cofiño, Itxaso Díaz, Ibon Salbador, Elisa Urisza, María Ezquerro, Jose Otero, Marta Villota, Beñat Ralla ibiltariekin; eta azkenik, consonniren Speech Sound Radio Show-a, honako artistekin batera: Alicia San Juan, Miguel Deza, Stel García eta Chusé Fernández TEA FM irrati-antzerki eskolatik, Helen Torres, Carla Bataller, Iñaki Martínez de Albeniz, Nerea Ibarzabal, Irantzu Varela, Hilaria Vianeke, Pablo Gallo, Tunipanea, Bea Fernández, Eulàlia Bergadà, Marc Naya musikariarekin batera, Horman Poster kolektiboa MBaye Sene-rekin, Myriam Petralanda performerra eta Okkre (Eomac-en kolaborazioarekin).

Noiz eta zer, zehatu nahi baduzue: Azkuna Zentroa

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button