LITERATURA

Liburu berri bi kalean

Karlos Linazasorok Udalbatza bahituaren kasu pollita (Elkar) liburua plazaratu du eta Karlos Santistebanek ere liburu berria argitaratu du: Erdia falta da (Beta).
Karlos Linazasorok idatzitako lanean hauxe kontatzen da: “T.ko udalbatza eratzen den egun berean, alkate eta zinegotzi berriak beren karguaren zina egiten ari direla, horra non hartzen duen plaza giza aldra anomiko bezain arriskutsuak. Armaturik datoz, haserre datoz. Zer nahi dute? Ez dakigu, baina bahiturik daukate udaletxea, eta haren barnekoak oro.” Abiapuntu horretatik, eleberri zoro edo zoragarri bat eraiki du Karlos Linazasorok, zeru-lurrak batuz eta direnak eta ez direnak elkarrekin nahastuz, ironiatik absurdorainoko koloreekin marraztuz gizakiari eta gizarteari buruzko ipuin edo parabola edo dela delako sailkaezin bezain gomendagarri hau.

Beste aldetik ere, Karlos Santistebanek liburu berria argitaratu du: Erdia falta da. Iratxe eta Josu lagunak baino zerbait gehiago dira; maiteminduta daude. Abentura eta ezustez beteta dagoen ipuin honetan neska-mutilak halako zurrunbilo zoro batean harrapatuta daude eta, bidenabar, hainbat gaitaz hitz egiteko aukera izango dute. Bidean denetarik dago: bihotz erdian jotzen duten olerki eta eztenak, galtzerdi-metak, Euskal Herria zeharkatzen duen Korrika, erdi beteta erdi hutsik dagoen euskararen botila, umorea, gertaera erdiragarriak… Erdia ere ez dakizu…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button