IKUS-ENTZUN

PREZINEBIren programazioa, gaurtik aurrera

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren ZINEBI 57. edizioaren ateak  PREZINEBIK zabalduko ditu azaroaren 6tik 13ra.

PREZINEBI gaur hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Campos antzokiko Kupula aretoan, Autómata (2014) lanaren gidoiaren arduradunak  diren Javier Sánchez Donate eta Igor Legarreta zine idazle gazteen arteko solasaldi batekin.

Larunbatean ekimen nagusia dator lehiaketa formatuan, izan ere, 48 ordutan errodatutako film laburren Zinebiexpress lehiaketarako deialdi berria zabalduko da. Partaideek astelehen arratsaldera arteko epea izango dute lanak aurkezteko eta ostegunean, azaroaren 12an, sariak banatuko dira, Azkuna Zentroko auditorioan.
Larunbatean ere, Simone de Beauvoir Kolektibo feministak topaketa eskainiko du azken belaunaldiko emakume zinegile batekin: Mar Collekin.

Astelehenean eta asteartean, EHU-UPV-ko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateak, Erandioko Tartanga IEFPS-k, IMVAL-ek, eta Euskadiko Zine Eskoletako  ikasleek 2014an eta 2015ean egindako lanak erakusteko bi saio eskainiko dira. Aurten Zinebik ZINEBI-New Talents saria emango dio lehen aldiz 2014-2015 ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenaren egileari. Saria 500 eurokoa izango da eta Zinebiren 57. edizioaren inaugurazio ekitaldian banatuko da, azaroaren 13an. Era berean,  azaroaren 9an,10ean eta 11n, UPV/EHU-ko Arte Eder fakultatean Zinebilab mintegi-tailerra garatuko da eta bertan  hitzaldiak, mahai inguruak eta zenbait jarduera praktiko egingo dira.

Amaierako jaia ostiralean, azaroaren 13an, izango da. Caóstica Elkarteak omenaldi berezia eskainiko dio Nerd azpi-generoari Ribera Bilbao kafetegian.

Informazio guztia: ZINEBI

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button