EZLEKUBAT

Fernando Morillo idazle porrokatua

Gazterik hasi zen Fernando Morillo literaturaren munduan. Ibilbide horretan, esparru zehatz batean kokatu du bere ekoizpena, eta hala, gazteentzako eleberri interesgarri eta magikoak egiten ditu tai gabe.
Zergatik? “Urteak eman ditut kezka bera entzuten: gazteek ez dutela irakurtzen. Eta ondoren datorren galdera hauxe da: zer egin daiteke? Irakurleei entzun”. Eta horixe da berak egiten duena, Euskal Herriko gazteei entzun. Hainbat aurkezpenetan biltzen da balizko irakurle gazteekin eta haiei so egoten da, zer esango dioten zain. Eta hortik dator bere lana, izan ere, makina bat tituluren jabe da eta guzti-guztietan trama, misterioa, umorea, ametsak eta ilusioa zirraragarriak irakur daitezke. Duela hilabete bat bere lan bik argia ikusi dute: Abbadiaren sekretua eta Zonbia San Mamesen.
Mota honetako lan hauei bestelako atea zabaltzeko, argitaletxe bat ere sortu du: Gaumin argitaletxea.
Honetaz eta bestelako kontuez mintzatu gara berarekin ondoko lerroetan.

Noiztik da Fernando Morillo idazle? Nola hasi zinen euskal literaturaren munduan?

Txiki-txikitatik maite izan dut istorioak irakurtzea eta asmatzea. Baina noiz bihurtzen zara idazle? Argitaratzean? Nik behintzat ez nuen hala sentitu. Zenbait liburu argitaratu eta gero iritsi nintzen horixe sentitzera: idazle nintzela. Esan bezala, ordea, betidanik izan dut istorioekiko obsesioa. Seguruenez, horixe izango da idazle izateko funtsezko osagaia: obsesioa. Gainerakoa teknika da. Zaila edo garratza. Baina teknika. Obsesio itogarri hori gabe alferrikakoak dira munduko teknika guztiak!

Nolatan hasi nintzen euskaraz? Euskararen hautua erabat sentimentala izan zen. Urteetan, lagunak, bihotza, hainbat bizitza-esperientzia… Gehiena euskaraz bizi izan nuen. Eta idaztea sentipenak azaleraztea zen niretzat. Arrazionaltasun izpirik gabeko erabakia izan zen: barneko istorioak ateratzeko behar sentimentala nuen, eta euskara zen nire “armarik” hurbilena.

Gazteak literaturarekin liluratzeko konpromisoa hartua duzula ematen du. Hala da?

Zer erremedio! Zorionez, txango horretan pasioa elkartzen zaio kezkari eta, esan ohi denez, gustuko mendian aldaparik ez (edo!). Urteak daramatzat gazteak entzun nahian, eta latz samarra da gero eta gehiago jasotzen dudana: gazte ugariren egunerokotasuna euskaratik urruntzen ari dela, neurri handiegi batean. Adibide tonto bat: erdaraz liburu mardulak gozatzen dituzte irakurle gazte askok, baina euskaraz ahal bezain argala nahi dute. Gainetik kentzeko harritzarra balitz bezala. Horri buelta emateko, “gozokiak” erabili nahi izaten ditut, haiek erakarri eta liluratu. Jolasa eta misterioa sartu, sentimendua eta abentura. Nire oso gogoko zaporeak direnez, ez da minik. Aitzitik! Horrela, pozteko moduan nago: bat egin dute nire ardurak eta grinak.

Hutsunea ba al dago euskal literaturan gazteen munduari dagokionean? Nola indartu al da irakurzaletasuna gazteen artean?

Esperientzia pertsonaletik abiatuta, gaztetxoa nintzenean fantasiazko eta zientzia fikziozko oso-oso liburu gutxi zeuden euskaraz. Orain, zorionez, aukera askoz zabalagoa da alor guztietan. Hala ere, beste koska bat ikusten dut gaur egunean: gazte askok behar gisa ikusten dute irakurtzea, nahi edo desio moduan hartu beharrean. Hor da nire ustez funtsa eta mamia. Alferrik da gazteei (etorkizunari!) irakurri “behar” dutela errepikatzea, eta (ezinbesteko) emaitza ikustean kexuka aritzea. Benetako irakurleak nahi baditugu, seduzitu egin behar. Era batera edo bestera. Ahalegin horretan gabiltza!

 Gaumin argitaletxea sortu duzu garairik zailenetan. Zer dela eta?

Zenbait urtetan idazten ibili ondoren, sentitzen nuen zerbait gehiago egin behar zela: bai irakurleei begira, bai liburuaren industriari begira. Ez gara behar adina irakurle “irabazten” ari. Baina ohiko bideei jarraituz gero, egileon aukera zeharo mugatua da. Idazten eta asmatzen jarraitu nahi dudanez, halabeharrezko pausoa zen: argitaletxea sortzea egokitzen zitzaidan, lehia horretan indar eta energia osoz aritzeko. Hainbeste adaxka dago oraintxe berriztatzen saiatzeko, asmatzen ahalegintzeko! Audioliburuak, mundu digitala, denetariko teknologia berriak, sare sozialak…

Garai zailak? Egiarik biribilena. Nolanahi ere, idazle gisa pazientzia lantzen ikasi nuen, eta oso-oso-oso egoskorra izaten. Edo aspaldian utzi nuen. Eta ez dut utzi, ez utziko. Buruak lagundu bitartean behintzat!

Zer lan argitaratuko ditu argitaletxe berri horrek? Denetarik?

Nire liburuekin abiatu ginen, ikasteko eta ikusteko zer zegoen, zer egin genezakeen. Baldintza bat jarri genion geure buruari: iristen eta hunkitzen gintuzten lanak izan behar zuten, inolako gai, baliabide edo forma mugarik gabe. Apurka, bidea egin dugu, eta nire sei liburu “gazteren” ondoren, hasi gara beste batzuk prestatzen. Lehenbizikoa oraintsu argitaratu da: Karlos Zurutuzaren Tripoli-Kabul.  

Esku artean dugu datorrena: Itzalen sua (datorren galderan zehaztuko dut hobeto). Eta hurrengoak… Denetariko ideiak ari gara garatzen, betiere aurreko baldintzari eutsita: istorioak gu harrapatzea, eta berdin dio gazte, heldu, serio nahiz parodikoa izan.

Zer proiektu berri duzue esku artean?

Une honetan Itzalen sua izeneko “erokeria” ari gara prestatzen. Punta-punta-puntako infografiak, soinu-banda propioa, estilista eta makillatzaileak, antzezle bikainak, entzungaiak, bideoak… Hainbat artista ausarten eragin-truke eta dinamita-koktela. Sinesten ez baduzue, begiratu bere webgunean (www.itzalensua.com) eta gozatu. Ez ahaztu ahoa ixtea.
Laburrean, Euskal Mitologiaren inguruko istorio “berritua” da. Euskal jainkoak gure mundu honetan esnatzen hasten dira (Mari, Gaueko, Aker, Sugaar…).
Aitzakia horrek sekulako aukera eman digu esperimentatzeko: Itzalen suak ilustrazio zinematikoa eta interaktibitatea du nagusi. Etorkizunari beldurrik ez dion liburu bat da erabat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button