LITERATURA

“Ganbila” antzerki bildumako hiru liburu berri kalean

Ganbila antzerki bildumako hiru liburu berri kaleratu ditu Susa argitaletxeak: Dama (Jon Gerediaga), Zerrakuretan (Gaizka Sarasola / Mairu Antzerki Tailerra) eta Aititaren betaurrekoak (Agus Perez).

Lanon sinopsiak hemen dituzue.
Dama (Jon Gerediaga): “Damaren hitzak enigmatikoak dira. Poema asko begiak itxita errezitatzen ditu eta pitonisa igarle baten mezu ezkutuak direla dirudite; beste errealitate edo beste dimentsio batetik etorritako hitzak. Horrela al da? Edo ameslari bakarti baten jolasaren aurrean gaude? Hitzen, doinuen, esanahien erabilera ludiko-poetikoa ote da berea? Mozkorraldi existentziala?  Damaren hitzetatik askotariko ahotsak irudika ditzakegu: naturaren kantu ahistorikoa, orakuluaren mezu ezkutua, ameslari bakartia, artista anonimoa. Batera zein bestera izan, hitz ederrak dira bereak, iradokitzaileak, hunkigarriak”.

Zerrakuretan (Gaizka Sarasola / Mairu Antzerki Tailerra): “Gaizka Sarasolak ez du antzerki erraza idazten, herrikoia da bere funtsa. Bere antzezlanak taularatzeko, gorputzez, ahotsez eta irudimenez inplikatzea ezinbestekoa da. Lesakako Mairu Antzerki Tailerra bide horretan dabil azken hogei urte hauetan”

Aititaren betaurrekoak (Agus Perez): “Zerk eramaten du pertsona bat astebururo autoa hartu, kilometro mordoxka egin, batean Bilbotik Gasteizera, hurrengoan Donostiara, segidan Luhusora… joan, antzezlan bat ikusi, etxera itzuli, eta goizaldeko ordu txikietan egunkarirako kritika idaztera? Bi atal topatuko ditu irakurleak liburu honetan: lehenengoan, Agus Perezek kritikari jardunaren erraiak agerian utziko ditu, ohi duen estilo pertsonal eta zorrotzarekin. Bigarrenean, bere ibilbidean idatzitako 2.000tik gorako iruzkinetatik 30 aukeratu ditu”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button