
Don Inorrez izeneko egitasmo berria aurkeztu du gaur goizean Bilbon Imanol Ubedak (Bide Ertzean, Peiremans, Deabruak Teilatuetan), besapean Mugiro Bila diskoa duela. Paco Loco ekoizle asturiar ezagunak ekoitzitako eta berritutako hamar pop kantu bikain biltzen ditu grabazioak, guztiak Imanolek idatziak, baina bestelako soineko distortsionatu eta melodikoarekin jantziak.
Duela bi urte, Joni Ubedak Bide Ertzean utziko zuela iragarri zuenean abiatu zuen proiektu berria Imanolek, ondoan Carlos Arancegui bateria-jotzailea eta Bide Ertzean taldeko musikariaren laguntzaz. Hala, diskoan jasotako kantuak bi urte horietan idatzi ditu Imanolek. “Bide Ertzeanen egiten genuen proposamenetik aldentzen saiatu ginen, nik musikari gisa ahalmen gutxi badut ere. Estetikoki eta estilistikoki beste zerbait egin nahi genuen”, esan du Ubedak.
Horretarako musikari tolosarrak Cadizera jo zuen, Paco Loco ekoizle prestigiotsuaren estudiora. Locok makina bat musikariren lanak ekoitzi ditu, tartean, Nacho Vegas, Enrique Bunbury eta Mikel Erentxun. Azken horrekin Carlosek jotzen du, eta hark ezagutzen zuen aurretik Locoren lana. “Intuizioz hartutako erabakia izan zen, beste sonoritate bat aurkitzeko asmoz”. Ekoizleak, gainera, aktiboki parte hartu du kantuen grabazioan, bere gitarra eta teklatuak sartu baititu. “Pacoren lana izugarria izan da, kantuak eginda eraman genituen, baina berak jantzi ditu, nahiz eta guk neurria eginda izan. Entsegurik gabe jo genuen, estudioan, elkarrekin, atseginez eta arin, eta bat-batean dena zegoen grabatuta”.
Eta emaitza, biribila da, Imonelen ohiko kutsua nabaritu arren, kantuek bestelako itxura baitute: soinu ehundura, konponketak eta bestelako elementuek kantuen mesederako sortu eta txertatu baitira, betiere, indie-pop kutsuko disko bizizale eta gitarrazalea eraikitzeko. “Gurekin betidanik izan den melodikotasuna dago, baina Pacok distortsio kutsu hori eman dio. Bi alde horien uztarketa, hibridazioa gertatu da. Halere, disko argia da, badu argitasun bat”.
Argitasun hori diskoaren kontzepzio osoan nabaritzen da, Paula Estevez eta Fortun diseinatzaileek egindako lanetik, kantuetan txertatuko hitzetara. “Letretan ere Bide Ertzeanen egindakoetatik urruntzen saiatu naiz. Horretarako nire hitzak eta poetenak erabili ditut, baina tonu ironikoagoa dute, zirikatzaileagoa edo bihurriagoa, gaiztakeria kutsua ageri da”. Imanolek, Ione Gorostarzu, Xabi Borda edo Pello Lizarralderen testuak erabili ditu, besteak beste. Azkenaren hitzak argitaratu gabeak dira, propio eginak Don Inorrezen E Jauna kanturako. “Izugarrizko oparia izan da, asko miresten dudan idazlea baita”.
Halaber, eta disko berrietan egin ohi den lez, Ubedak Iban Zalduari eskatu zion promozio orria egitea, eta gasteiztarrak ipuin popzalea bueltatu zion. Hala, diskoa taldearen webgunearen bidez edo kontzertuetan jasotzen duenak ipuina ere jasoko du euskarri fisikoan.
Kontzertuen harira, Don Inorrez Bilboko Kafe Antzokian izango da apirilaren 12an, eta apirilaren 14an, Donostiako Dababada aretoan. Don Inorrez laukote arituko da.
Hori guztia landu ostean, iraganeko ibilbidetik aldentzen lortu duen galdetu diogu Imanoli, eta hau izan da bere erantzuna: “Oraindik ez dut distantzia hartu, gertuegi dago guztia. Uste dut batzuetan bete-betean asmatu dudala. Beste batzuek esan didate Peiremansen oihartzuna entzuten dela. Baina egon badago intentzio bat. Falta da pelikula osatzea entzuleen iritziarekin”. Gure ustez, aurrerapauso handia eta gozagarria egin du tolosarrak.