LITERATURA

Leire Bilbaoren poema sorta berria kalean da

Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978) Scanner bere poemategi berria plazaratu du Susa argitaletxearen eskutik; atzo aurkeztu zuen liburua Donostian. Scanner ondarrutarraren bigarren poemarioa da eta editoreak jakinarazi duenez, ”lehenengoaren aldean ausartagoa da gaietan eta formetan”.

Sei ataletan egituraturiko liburua identitatearen inguruan ardaztu du Bilbaok, eta horretarako eguneroko elementuak erabili ditu, tartean liburuari izenburua ematen dion tramankulu elektrikoa. “Gaur egun, hemen eta orain dagoen norbanako batez ari da (liburua), horren identitateaz eta identitate hori osatzeaz. Emakumea naizen aldetik, batzuetan emakumearen ahotsa nabarmen agertzen da”, Bilbaok Berria egunkariari adierazi dioenez.

Duela bost urte argitaratu zuen lehen liburua Leire Bilbaok: Ezkatak (2006). Eta poema liburu hartako zenbait pieza kantu bilakatu zituzten handik urte batzuetara Jabier Muguruzak, Jon Minerrek, eta Maddi Oihenartek euren diskoetan.

Liburua sarean irakur daiteke: hemen.

Labadora

Zu hil zinen egunean labadora bat erosi nuen.
Atexka zabaltzean
oinak busti zitzaizkidan,
ezustean harrapatu ninduen urak.
Erreka urdinak ditut bularrean, badakizu,
itsasoak gainezka egiten dit ahotik.
Labadoraren eskotillatik itsasoari begira izan zen,
bat-batean xaboi eta trapu artean
olatuak eraman zintuela jakin nuen,
garbigailu barrura atzamarrak sartu
eta zure bila aritu nintzen alferrik.
Ahotik egin nuen negar
belarrietatik zilborretik
eskuetatik azaletik,
eta orain hildako ibaiak ditut zainetan,
eta labadora berri bat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button