MUSIKA

Lurrazpiko soinuak entzungo dira larunbatean Gazteszenan

 

Larunbatean, otsailak 2, Lurrazpiko Festa izeneko jaialdia izango da Donostiako Gazteszenan. Bertan, underground-eko hainbat taldek joko dute, tartean, Veronica Falls (Erresuma Batua), The Feeling of Love (Frantzia) eta Sonic Trash (Bilbo). Bilbotarrek gainera, Cancer Moon taldearen doinuak moldatuko dituzte.

Aipaturiko emanaldiez gain, makina bat disko jartzaile ere izango dira, hala nola, Brandy Marlaska, Las Chicas del Pastel, Tanga Teenage Caveman, edo International Vicious Society. Azken horiek izen bereko disko bildumak egiten dituzte eta bertan mundu osoko rock doinu exotikoak biltzen dituzte, hala nola, Tailandiako surfa, ekialdeko soula edo arabiar kutsuko funka. Jaialdia Ayo Silver! kolektiboak ondu du.

Gazteszenako ateak 20:00etan irekiko dituzte eta guztira bost taldek joko dute: Bilboko Sonic Trash vs. Cancer Moon (21:00etan); Logroñoko Violeta Vil (10:00etan); Madrileko Juanito y los Feos (23:00); Frantziako The Feeling of Love (00:30ean); eta, azkenik, Londres hiriburuko Veronica Falls (1:30ean). Emanaldi baten eta bestearen artean disko jartzaileak arituko dira.

Taldeei dagokienez, Erresuma Batuko Veronica Falls da karteleko izen nagusia. Ingelesek 80ko hamarkadako pop kutsuko doinuak egiten dituzte. Denboraren poderioz askoz entzule gehiago izango duen banda da. Asko molatzen dute!

 Frantziako The Feeling of Love taldearen proposamena, berriz, psikodelikoagoa da, eta Ty Segall musika estatubatuarrarekin kolaboratu du. Madrileko Juanita y los Feos estatuko underground-eko talde interesgarrienetariko da eta garage-punka eta new-wavea lotsagabe uztartzen dute.

Azkenik, Logroñoko Violeta Vilek gitarra iradokitzaileekin eraikitako melodia narkotikoak egiten ditu, eta Bilboko Sonic Trashek Cancer Moonen kantuak jo ez ezik, Hey Chica! izenburuko disko berria ere aurkeztuko ditu.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button