
Atzo, Oier Guillan antzerkilari eta poeta, Jon Gerediaga egilea, eta Jose Angel Irigaray Pamielako ordezkaria bildu ziren Donostian, Argia, lurra, zuhaitza, zerua lana aurkezteko, “iraun behar duten gauzen gaineko kantua”.
Berria egunkarian aipatzen denez, … “bere poesiagintzan heriotzaren kontrako antidoto bat bilatu nahi du; poesia bilakatzen du denbora harrapatzeko mugarri; bizitzari zentzu bat aurkitzeko erabiltzen du. Azken liburuan ere bere obra mamitu duten gaiei heldu dien arren, besteetan baino laburrago eta soilago idatzi du Gerediagak, bulkada bati jarraituz”.
Sorkuntzaren eremuan poesia eta antzerkia landu ditu bereziki. Hala, Fitola balba, karpuki tui (Pamiela, 2004), Jainkoa harrapatzeko tranpa (Pamiela, 2007), Zentauro-hankak (Pamiela, 2012) dira bere poemarioak.
Antzerkiari dagokionez, 1999an sortutako F.T.I. Antzerkiola Imaginarioaren kide izan zen, eta konpainia honek taularaturiko hainbat antzezlanen sorkuntzan hartu zuen parte. Besteak beste, 8 Olivetti Poetiko (Hiru, 2001); Mundopolski (Artez, 2007); Yuri Sam, otoitza (Artez, 2007); Au revoir, triunfadoreak (Artez, 2007); edota Babiloniako loreak (2009).
Antropologian doktorea da, Herbeheretan eta Euskal Herrian ikasketak burutu ostean. Gaur egun irakaskuntzan egiten du lan eta filosofiako irakaslea da Lauro Ikastolan.
Poema
Itsasoari begiratzen diot
haren gainazaleko argiei
begiratzen diet kostaldeko basoei
begiratzen diet haizearen
seinaleei adaburuetan
zeruari begiratzen diot.
Niri begira daude denak.
Ez dago eztabaidatzerik
den guztia nire zain dago.
Atseden hartzen du
nire gau eta egunen aparrak
etorkizun ziur horretan
maiteminak juramentuetan bezala
eta lasai noa, eta konforme,
eta ahalik eta geldoen
gauza eta izaki eta leku guztietarantz.



