MUSIKA

Miguel Salvador gitarra-jotzailearen jazz-kodea

Miguel Salvador jazz gitarra-jotzailea bilbotarrak Código (Errabal) disko berria aurkeztu du gaur goizean, Bilbon. Salvador hirukote moduan aritu da grabazio horretan, Javier Alzola (saxoa), Jon Piris (kontrabaxua) eta  Hasier Oleaga (bateria) musikari handiekin.

Salvador bera, Alzola eta Piris izan dira aurkezpen-ekitaldian Errabal diskoetxeko Joxe Felix Azkarate Xarra kidearekin batera.

Alzola saxo-jotzailearen eta Salvadorren arteko egitasmoa da Codigo, diskoak biltzen dituen zortzi piezak Salvadorrek idatzi dituen arren. “Asko jo ohi dut Javierrekin, baina Fitorekin aritzen da, eta tarte gutxi geneukan grabatzeko, beraz, azkenean lortu genuen tartetxo hori, eta Urdulizeko Tio Pete estudioetan grabatu genuen”, azaldu du Salvadorrek. Saio bakarrean grabatu zuten diskoa: egun batean, bi saio goizean eta hirugarren bat arratsaldean, zuzenean. “Jazz disko bat horrela grabatu behar da, jam, kontzertu eta inprobisazioaren xarma lortzeko”, esan du Alzolak.

Piezak Salvadorren esperientzia pertsonaletan dute abiapuntu, eta aurreko lanetakoak baino “anbientalagoak” dira. “Melodia iradokitzaileak daude, baita soinu banden kutsua ere, free-jazz ukituarekin”, azaldu du gitarra jotzaileak.

Disko “entzungarria” eta ”lasaia” dela esan dute biek ala biek. “Modernoa da, garapen askorekin egina, baina erlaxatua”, azpimarratu du Alzolak. Soinu-paisaietatik abiatzen da Salvador piezak idazterakoan, “ez naiz tarte konplexuetatik abiatzen”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button