ARTEA

“Nitido” topaketa Artiumen gazteak museotara gerturatzeko

Artium, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak gazteak museoetara gerturatzeko ahaleginetan, topaketa antolatu du datorren ostirala, irailaren 23an. Ekintza ezberdinen bitartez, gazte jendearen parte-hartzea areagotzeko bideak identifikatzeko helburua du topaketak eta ehun artistikoaren eta hurbileko komunitatearen arteko loturak sendotu nahi ditu. Doako sarrerarekin, baina tokia mugatua izango da.

Sara Berasaluce komisarioak Artium Museoko Hezkuntza taldearekin koordinatutako ekimenari, “Desmusea” ikuskizunak emango dio hasiera goizeko 11:00etan. Clara Harguindeyk eta Daniel Pecharrománek osatutako kolektibo artistikoak, 2018. urteaz geroztik, erakunde kulturalen eta publikoen arteko bitartekaritza-proiektuak garatzen dituzte, teknologiaren eta pentsamendu digitalaren bidez. Museoak gazteentzako espazio ireki eta parte-hartzaileak bihurtzeko moduari buruz arituko da “Desmusea”, baita teknologiak helburu horretan lagun dezakeen edo oztopo den ere.

Ondoren, La Liminal kolektiboaren txanda izango da. Yolanda Riquelmek eta Beatriz Martinsek osatzen dute kolektibo hau eta hiri-ibilbidea erabiltzen du lan-tresna nagusi gisa. Trukerako testuinguruak sortzeko, hainbat forma hartzen dituzten proposamenak egingo ditu. Espazio publikora hurbiltzeko beste modu batzuk proposatuko dituzte, hura osatzen duten historiak aztertu eta zalantzan jarriko dituzte.

Arratsaldeko saioa, 15:30etan hasiko da “Magnet-Erakarri” proiektuarekin. Barrutia Ikastolako Marimar Buenok eta Artium Museoko Hezkuntza Saileko Charo Garaigortak “Etorkizuna proiektatuz” ekimenaren aurkezpena eta erakusketaren bisita egingo dute.

Jardunaldia amaitzeko, arratsaldeko 17.30etan, Xirou Xiao artistak “Kulturen arteko bitartekotza eta komunitate gazte eta arrazializatua” performancea aurkeztuko du. Cangrejo Pro Performance Konpainiaren sortzaile eta zuzendariak, Gasteizko kolektibo arrazializatuei eta etorkinen komunitateari buruzko tokiko eta gizarteko errealitatearen ikerketan oinarritzen du ikuskizuna. Eta ondoren, arrazakeriaren aurkako identitateari buruz esperimentatzeko ariketa batzuk proposatuko ditu, tresna performatiboen bidez.

Informazio guztia, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button