EZLEKUBAT

Aitor Oñederra: “Animazio tradizionala dut gustukoen, paperean egiten dena”

Aitor Oñederra Agirre (Deba) Arte Ederretan lizentziatuak animazioko ikus-entzutekoak egin ohi ditu. Orain arte egin dituen lan nabarmenenak hainbat euskal talderen bideoklipak dira, besteak beste, Kauta, Gari edo Split 77. Horrez gain, Nontzeberrik antolatu ohi duen Nontzefilmak Zinema eta Animazioko Film Laburren Lehiaketaren azken edizioan Euskarazko Lan Onenaren saria irabazi zuen Amaigabea izeneko lanarekin. Nontzeberri Oñederarrekin solastu da bere jardunaren berri izateko. Egun hainbat bideoklip ditu esku artean eta bi musika talderen zuzenekoetan proiektatzeko irudiak prestatzen dabil.

Nondik datorkizu animazioarekiko zaletasuna?
Txikitatik gustatu zait marraztea eta komikiak egitea. Unibertsitateko lehen urtean Begoña Vicario irakaslearekin animazioari buruzko tailer labur batean piztu zitzaidan animaziorako grina.

Nola gogoratzen dituzu zure lehendabiziko lanak?
Ilusio handiz eginikoak gogoratzen ditut, magia iruditzen zitzaidan nire marrazkiek bizia nola hartzen zuten ikustea.

Zeintzuk dira orain arte egin dituzun lanik aipagarrienak?
Aipagarriena, etekin gehien atera diodan lana Jostuna izan da, Bartzelonako Per La pau fundazioaren film labur onenaren saria eta EHUko 0.7% Elkartasun fondoak duen film laburren lehiaketan irabazle atera baitzen. Hala ere, ate gehien ireki dizkidan lana Gariren Zure Begietan abestiaren bideoklipa dela esango nuke.

Nontzefimalketako euskarazko lan onenaren saria ere jaso duzu aurten. Zer irizten diezu Nontzefilmak bezalako lehiaketei?

Oso beharrezkoak dira horrelako lehiaketak animazio sorkuntza aurrera atera dadin. Lan asko da egiten dena eta lehiaketa hauek gure lana mundura zabaltzeko balio dute.

Zein animazio teknika duzu gustukoen eta zergatik?
Animazio tradizionala dut gustukoen, paperean egiten dena. Lan ikaragarri hori asko miresten dut. Hala ere Flash animazioak erakusten duen emaitza azkarra ere oso gustuko dut.

Zure lanetan animazio teknika desberdinak nahasten dituzu?
Azken aldian bai, pertsonaiak animazio tradizionalean eginak dira 3 dimentsiotako espazio batean jarrita.

Taldeka edo bakarrik egiten duzu lan?
Bakarrik.

Bideoklipekin ari zara aspalditik. Nola ikusten duzu bideoklipgintza Euskal Herrian?
Gero eta bideoklip hobeak ikusten ditut, bai teknikan eta baita gidoiari dagokionez ere.

Ezberdintasun handia dago animazio bidezko klip eta film laburren artean?
Ezberdintasuna soinu bandan dago. Bideoklipetan soinua abesti bat da eta laburmetraietan berriz soinu banda eraikitzen da soinuen bidez, elkarrizketez edota musikaz. Jostuna-k laburmetrai gisara jokatu du, abesti lagungarri bat edukitzeaz gain, soinuak landu bainituen. Hala ere laburmetraiek klipek baino leku hobeagoa dute lehiaketa eta zine jaialditan, nik injustua deritzot lana berdina baita.

AnimaDeba jaialdiaren antolatzailea ere bazara. Zein harrera dauka herrian?
Lehen edizioa egin genuen joan zen urtean, eta nahiko gustura geratu ginen, horrelako jaialdi bat herri txiki batean gauzatzea oso zaila baita. Bigarren edizio honetarako jende gehiago espero dugu, programazioa zabalagoa izango baita. Jendearengan jaialdiarekiko jakin-mina sumatu dut.

Era berean nola ikusten duzu animazioaren egoera Euskal Herrian?
Oraindik ere umeentzako filmak besterik ez dituzte ekoizten hemengo ekoiztetxe nagusiek, normala deritzot. Hala ere, pauso handiago bat eman beharko genukeela iruditzen zait helduei begira, eta animazio esperimentalari ere aukera eman beharko genioke. Era berean, Euskal herriko film laburretan kalitate handia dagoela esango nuke.

Euskal Herrian animazioaren inguruko industria indartsu bat eratzea posible ikusten duzu?
Gauzak orain dauden bezala ez. Baina aurrerago zergatik ez.

Baduzu artista erreferenterik?
Baditut batzuk bai, Michel Gondry zine eta bideoklip zuzendariaren lana oso gustuko dut.

Zein animazio lan maite duzu biziki eta zergatik?
Asko ditut gustuko… baina bi aipatuko ditut: Tomek Baginski-ren Fallen Art. Ikusi eta zuek esango didazue zergatik.
Eta bertako artista baten lana, Isabel Herguera-ren La Gallina Ciega, irudimen handiko maisu lana iruditzen zait.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button