
Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak Poesia Orduak ekimena antolatu dute beste behin, irailaren 8an eta 10ean, Victoria Eugenia Cluben.
Aurten bi saio antolatu dira iluntzeko 19:00etan: gaur, hilaren 8an, Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa (Jon Martin Etxebeste) eta hilaren 10ean, Itzalen tektonika (Itxaro Borda).
Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa saioan Irati Odriozola Zugarramurdi eta Ainhoa Ansa Zugarramurdi kantariekin batera arituko da Jon Martin Etxebeste. Azken hori Lourdes Iriondo, Isilarasitako ahotsa liburuaren egilea da. Saioan testu irakurketa eta azalpenak emango ditu, abeslaria hil zela 20 urte betetzen direnean.
Susa argitaletxeak joan den urtean argitaratu zuen Itxaro Bordaren Itzalen tektonika liburua. “Hamalau urterekin idaztea hil ala biziko jarduntzat deskubritzen duen norbaiten aitortzak abiatzen du Itzalen tektonika. Erdian du epizentroa, eta hark hedatzen dituen uhinak dira albo bietara datozen olerkiak. Bitoriano Gandiaga, Jeanne Dielman, Mariupol, Olot. Garai izugarri baten ikarak, poetaren paseoak eta desirak adinik ez duela ospatzen duten lerroak. Argitasunaren ehundurak eta larruaren hedadurak. Hotelak eta geltokiak, haranak eta ur-jauziak. Ostatuak eta hiztegiak aizolbe diren herri bat, basamortua eta gerra. Lurrikara baten dardara dakar Itxaro Bordaren poema liburu berriak”.
Bada, bilduma horretako poemak hartuta ikuskizun bat osatu dute Itxaro Bordak eta Joseba Irazoki musikariak. Bertan, hamalau edo hamabost testu inguru aurkeztuko dituzte elkarrekin.