
Bihar, Zubirin eginen den saioarekin, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken-laurdenak amaituko dira. Saioaren ostean, finalaurrekoetarako sailkatuko diren bertsolariak jakingo da.
Zubirikoa Gautxori jatetxeko aretoan izango da 17:30ean eta bertan Oskar Estanga, Ander Fuentes Itturri, Ainhoa Aranburu, Iban Garro, Joxema Leitza eta Unai Uberetagoena juntatuko dira.
Zubirin kantatuko dute bertsolarien artean Unai Uberetagoenak lehen parte-hartzea du Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Horrez gain, Joxema Leitza arbizuarra txapelketara itzuli da, hainbat urtez parte hartu gabe izan ostean.
Zubiriko saioaren ostean jakingo da zeintzuk diren finalaurrekoetan arituko diren 18 bertsolariak. Dagoeneko horietako batzuk ezagutzen ditugu; Julio Soto iazko txapelduna hasieratik zegoen finalaurrekoetarako sailkatuta eta beste lau bertsolarik ere eskuratu dute hurrengo faserako txartela: Lizarrako saioko irabazlea, Xabier Silveira; Aldazko saiokoa, Migel Mari Elosegi Luze; Larraintzarko irabazlea Julen Zelaieta eta Iturengo saiokoa, Eneko Lazkoz.
Finalaurrekoak martxoaren 2, 3 eta 9an jokatuko dira Atarrabia, Etxarri-Aranatz eta Elizondon.



