
Nafarroako Bertsolari Txapelketa urriaren 4an hasi zen Auritzen, eta Nafarroa Arenan jokatuko da, lehen aldiz, lehiaketaren finala.
Guztira, zortzi saio izan ditu txapelketak, Nafarroako lurralde osoan antolatu direnak. Txapelketa lehenengo fasearekin abiatu zen. Lau saio izan zituen fase horrek, eta Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen jokatu ziren. Finalaurrekoetan hiru saio izan ziren: Agoitzen, Leitzan eta Tafallan. Eta diogun moduan, Iruñean jokatuko da finala, azaroaren 29an, larunbatez, Nafarroa Arenan.
Zortzi bertsolari arituko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortu duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta hor erabakiko da 2025eko txapelduna.
Zortzi protagonistak, hauexek: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol.
Aurten, Zaldiko Maldiko elkartea izango da txapel emailea.
Bertsozale guztiak Nafarroa Arenara joateko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek.



