BESTELAKOAK

Nafarroako Bertsolari Txapelketa asteburu honetan hasiko da

Txapelketak, beste askotan bezala, bertsolaritza sustatu eta ezagutarazteko aukera emango du, horixe izango baita helbururik behinena. Baina horretaz gain, bertsolaritza ezagutzen den guneetan zaletasuna sustatu eta gainerakoetan ezagutarazteko xedea ere badago tartean. Horregatik saioak Nafarroa osoan izango dira.
Iaz 150 saio egin ziren Nafarroan, baina askotan ez zuten bertsolari nafarrek kantatu, eta horiek ezagutaraztea ere bada txapelketaren helburua.

Aurten 27 bertsolarik hartuko dute parte norgehiagoka honetan.
Kopurua iazko bera izango da, baina aurten lehen aldiz hartuko dute parte Irati Majuelo, Ainhoa Aranburu, Iban Garro, Josu Sanjurjo eta Patxi Castillok. Eta Xabier Silveira txapelketara itzuliko da, iazko atsedenaren ondoren.

Txapelketa 24 bertsolarirekin hasiko da lehenengo fasean. Azken-laurdenetan 4 kanporaketa jokatu ondoren 3 finalaurreko jokatuko dira. Hor sartuko dira lehian Oskar Estanga, Estitxu Arozena eta Julio Soto.
Otsailaren 19an, larunbata, Tafallako Santa Maria parrokia-aretoan, 17:30etan, izango da lehen kanporaketa eta jarraian, igandean, bigarrena. Saio bakoitzeko irabazlea eta hamaika puntuazio honenak sailkatuko dira hurrengo fasera.

Fase guztien atzetik finala etorriko da. Hau, apirilaren 9an jokatuko da, larunbatez, arratsaldeko 17etan, Iruñeako Labrit pilotalekuan.

Informazio guztia txapelketaren webgunean topatuko duzue zehatz-mehatz.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button