MUSIKA

Rock-aren museo bihurtu dute Alondegia

Ekainaren 7tik irailaren 2ra bitarte Bilboko Alondegian Live Music Experience zuzeneko musikarekin loturiko erakusketa ikusi ahalko da. Erakusketarekin batera bestelako jarduerak ere atondu dituzte, hala nola, kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak era mahai-inguruak. Askotariko ekimen hau gaur goizean aurkeztu dute Alondegian bertan.

Patricia Godes komisario duen erakusketak 1200 metro koadrotik gora du eta bertan rockarekin lotura estua duten hainbat elementu ikus daitezke. Erakusketaren ardatza Gay Mercader kontzertuen antolakuntzan aitzindaria izan den promotore bartzelonarraren bilduma du ardatz. Hala, kontzertuetako sarrerak, kartelak eta musikari ezagunen instrumentuak paratu dituzte, hala nola, Black Croweseko musikariek gitarra, Led Zeppelineko taldekideen beste gitarra bat edo Angus Young (AC/DC) gitarra jotzaileak ezagun egin duen Gibson SG modeloa.

Horretaz gainera, lau eremu espezifiko atondu dituzte; 70, 80, 90 eta XXI. mendeko lehen hamarkadako musikari eskainiak. Horietan, interaktibitatea funtsezkoa da bisitariaren partaidetza pizteko asmoz. Ikuspegi historikoak ere bere tokia izango du erakusketan.Godesen esanetan, “erakusketa paregabea da, orain arte ezagutu dugun musikaren hedapenarekin haustura dakar”.

Bestelako jarduerei dagokienez, bihar bertan, ekainak 7, Gernikako Audience taldeak kontzertua emango du Kulturen Atarian, 21:00etan. Emanaldian haien kantuak eta Laboaren bertsioak tartekatuko dituzte. Russian Red (uztailak 12) eta Eli Paperboy Reed (uztailak 13) ere izango dira, besteak beste.

Hitzaldiei dagokienez, Roberto Moso eta Gotzon Hermosilla kazetarien gidaritzapean, hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola, 80ko hamarkadako argazkigintza musikala Marivi Ibarrolaren eskutik (ekainak 25), eta Bilbo eta bere musika Alvaro Heras, Elena Lopez, Andres Pertero eta Roberto Mosoren partaidetzarekin (ekainak 28).
Ekainaren 18an, halaber, Practice your music izeneko tailerra egingo dute. Ziklo dokumentalak, Marivi Ibarrola argazkilariaren Disparos en directo erakusketa edo Espainiako Radio Nacional 3 irrati kateak egingo dituen zuzeneko irratsaioak izango dira beste jarduera batzuk.

Egitarau oparo bezain zabal honen xehetasun guztiak alhondigabilbao.com webgunean kontsulta daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button