ESZENA

Nafarroako Antzerki Eskolak “Irriziklo” programa abiatu du

Nafarroako Antzerki Eskolak bidean jarriko du beste behin Irriziklo jaialdiaren programazioa, aurten, otsailaren 24tik martxoaren 24ra luzatuko dena. Irriziklok barregura bilatzen du modu askotan, eta programatu dituen ekimenetan seguru gaude lortuko duela.

Lehen ikuskizuna bihar izango da, otsailak 24a, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai bikotearen eskutik. Biok Luze edo motz izeneko emankizuna borobilduko dute, eta horretarako generoa hartuko dute umoregai, gure gizartea zertan luze eta zertan geratzen den motz galdetzeko. Horretarako hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua izango dituzte hizpide, besteak beste.

Martxoan makina bat ikuskizun izango dituzue. Hala, 3an, Tartean Teatroak Ez dok ero egingo du. Ezagutuko duzue lanaren trama ezta?  Mikelote eta Pantxo bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eskenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrun. Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du. Egun batean Mikelote, antzerkilari andante estrafalarioa, Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskalerrian barna joateko, herriz herri antzeztera, “Euskal Antzerkiak Behar Gaitu” uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz.

Martxoaren 10ean, Pez Limbo taldeak Koxkak lana eramango du, non hiru istorio desberdin, ezohiko hiru egoera, eta hiru korapilo nahasten diren. Hilaren 17an izango da hurrengo zita  Esti Curielen 35 huts lanarekin. Bertan, umorea, rantxerak eta irratinobela mexikar bat nahastuko dira.

Azkenik, martxoaren 24an, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak Losers-Galtzaileak pieza oholtzaratuko dute. Imanol eta Sara adinean aurrera doaz -ia berrogei-, eta gizarteak tenore horretara ailegatzerako gizakiei markatzen dizkien baldintzetatik bat ere ez dute betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe… Horregatik, beren buruak galtzailetzat dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button